Aurten, bluesik ez Hondarribian
Hondarribia Blues Festival jaialdia aurten ez da egingo. Horren atzean antolatzaileen eta Hondarribiko Udalaren arteko ezadostasunak daude.
Aurten ez da blues jaialdirik izango Hondarribian. Bertan behera gelditu da 2019ko Hondarribia Blues Festival. Horren atzean, antolatzaileen eta udalaren arteko ezadostasunak daude, finantzazio arlokoak gehienbat baina baita jaialdiaren izaerakoak ere. 13 edizio egin ditu 2018ra arte jaialdiak, eta urtetik urtera hazten joan da, herrialdeko musika jaialdirik jendetsuenetakoa eta erakargarrienetakoa izateraino. 100.000 bisitari izan zituen iaz.
Gaiaz hitz egiteko Carlos Malles jaialdiaren zuzendariarekin harremanetan jartzen saiatu da HITZA. Ez du lortu. Jaialdia antolatzen duen Blue Vision SL promotorak bai bidali duela oharra hedabideetara, jakinarazteko datozen egunetan jaialdia bertan behera uztearen arrazoiak ematen ohar ofiziala egingo dutela. Etorkizunaz ere hitz egitekoak dira komunikazio horretan. “Bien bitartean, hainbat tokitatik jasotzen ari garen babes eta elkartasun mezuak eskertu nahi ditugu, eta batez ere, bluesa jarraitzen duten milaka pertsonenak, gure jaialdiaren zale fidel direnak”, esan dute Blue Vision SLtik.
Udalaren iritzia
Hondarribiko Udalak, bere aldetik, ohar bidez adierazi du musika jaialdiarekiko haren konpromisoa orain arte “erabatekoa” izan dela, jaialdiaren “sustatzaile nagusi” bezala aldarrikatu du bere burua. Baina jaialdiak hartu duen dimentsioagatik “eta udalarentzat eragiten duen ahalegin ekonomikoagatik hausnarketarako epea zabaltzea” egoki ikusi du, “betiere jaialdi honek eskatzen duen inbertsio publikoari ezarri dakizkiokeen administrazio araudiko baldintzak betez”. Adierazpen horien harira, jaialdia bertan behera gelditzearen erantzule nagusia udala dela uler daiteke, aurtengoan erabaki duelako aurreko urteetan emandako laguntzarik ez ematea.
Udalak urtebetera mugatu du gogoeta aroa, “jaialdi hau laguntzeko erarik onena zein den aztertu eta abian jartzeko. Horrela, 2020an, ekitaldi honek gutxienez aurreko urteetan izandako arrakasta bera eduki dezan, administrazio araudia erabat eta zorrotz beteaz”.
Jarraian, 2018ko Hondarribia Blues Festival jaialdiak utzitako irudirik onenak, bilduman: