Irungo hondakinen kudeaketa hobetu nahi du EH Bilduk
Irun hondakin gehien sortzen duen Gipuzkoako herria dela nabarmendu taldeko kideak. Egoera aldatzeko konpromiso zehatzak hartu dituzte.
Irungo EH Bildu hondakinen kudeaketaren gaiaz aritu da gaurko agerraldian. Irun hondakin gehien sortzen duen Gipuzkoako herria dela nabarmendu dute Jokin Melida alkategai eta Joxe Cayetano Diez zerrenda kideak. Gainera, Irungo birziklapen tasa lurraldeko baxuena ere badela gogoratu dute (%51koa), zazpi puntu Gipuzkoako bataz bestekoaren azpitik.
Txingudiko Zerbitzuak (Txinzer) Mankomunitateak egiten duen kudeaketa “ez oso eraginkorra” izaten ari dela salatu dute. Arazo hori, langileena izan beharrean, mankomunitateari erakundeetatik jarri dizkioten helburuengatik dela diote. Horiek aldatzeko beharra nabarmendu dute koaliziotik, eta horretarako, proposamen ugari egin dituzte.
Lehenik, Txinzer zerbitzu enpresa izatetik harago joan behar duela diote, “bere jarduteak inpaktua baitu ingurumen kudeaketan, eta irundarron osasun eta bizi kalitatean”. Hala, gaikako bilketari begira, legealdiaren bukaeran (2023an) Europak 2025erako markatzen dituen birziklapen estandarrak lortzeko beharra nabarmendu dute (birziklapen tasa %60koa izatea). Horrez gain, hondakinen tasetan aldaketak proposatu dituzte, hiritarrek egingo duten errefusa frakzioaren murrizketa ekonomikoki sustatuz, “ingurumenaren aldeko jarrera positiboak sarituz”. Eta horretarako, kanpaina pedagogiko indartsuak egiteko konpromisoa hartu dute taldetik. “Baditu Txinzer-ek langile adituak hobekuntza hori aurrera eramateko, eta horretan arituko gara beti ere benetako Irun atsegina lortzeko nahian”, gehitu dute.