"Irun berriro hiri erakargarria" izateko lan egingo dute jeltzaleek
Tokiko merkataritza beti "Irungo oinarri ekonomikoetako bat" izan dela nabarmendu nahi izan du jeltzaleak, eta "zoritxarrez", egoera aldatzen joan dela azken urteotan.

EAJko alkategai Xabier Iridoy Almirante Arizmendi plazatxoan hiriko merkataritzari bultzada emateko taldeak dituen proposamenak aurkeztu ditu. Tokiko merkataritza beti “Irungo oinarri ekonomikoetako bat” izan dela nabarmendu nahi izan du jeltzaleak, eta “zoritxarrez”, egoera aldatzen joan dela azken urteotan.
“2008 eta 2018 urteen artean Euskadiko saltoki txikiak %16 egin du behera. Hala ere, Irunen jaitsiera ikaragarria izan da, garai horretan 1.206 saltoki txiki izatetik 895 izatera pasa da”. Kezkati azaldu da alkategaia datuekin, azken hamar urteetan merkataritza txikia %26 murriztu baita. Orain arte gobernu sozialistak aurrera eraman dituen politikek porrot egin dute jeltzaleen ahotan, ez dute hiri erakargarri bat egitea lortu. Gainera, hiriko zenbait eremutan pairatzen den aparkalekuaren arazoak zuzenean merkataritza txikian eragina duela nabarmendu du.
Hala, bertako merkataritza errekuperatzeko proposamen ugari egin dituzte. Lehenik, Txoke Plan egingo dutela diote, dendariei garai eta salmenta modu berrietara egokitzeko laguntza emanez. Gainera, aparkalekuaren arazoa murrizteko konpromisoa hartu dute, balizko bezero potentzialak erakartzeko. Horretarako, merkatarien elkarteekin lankidetza areagotzea proposatu dute, hiriko lurpeko aparkaleku guztietan deskontuak eskainiz. Amaitzeko, merkataritza guneetarako sarbideak hobetzeko konpromisoa hartu du EAJk. “Irun berriro hiri erakargarri izateko lan egingo dugu, merkataritza aberatsa, askotarikoa eta kalitatezkoa duena”, gehitu du alkategaiak.
+ Irakurri Irungo EAJren udal hauteskundeetarako programa osorik.