Euskara babesteko eta sustatzeko konpromisoa hartu du Elkarrekin Podemosek
"Euskara gure lurraldearen oinarrizko aberastasuna da eta gure betebeharra da euskara babestea eta horren erabilera sustatzea", adierazi dute taldetik.
Elkarrekin Podemos taldeak udal hauteskundeetarako osatu duen programaren inguruko xehetasun gehiago eman ditu gaur. Zehazki, euskararen aldeko apustu garbia egingo dutela jakinarazi dute koalizioko kideek, “euskara gure lurraldearen oinarrizko aberastasuna baita, eta gure betebeharra da euskara babestea eta horren erabilera sustatzea”.
Aurreko gobernuek hirian gauzatu ez duten hori egiteko konpromisoa hartu du taldeak, hau da, hirian euskararen erabilera eta ezagutza maila lurraldeko beste udalerri askotan handitu den neurri berean handitzen dela bermatzea. Hala, lehenik Irungo Euskararen Normalizazio Plana indartzeko apustua egingo dutela diote, euskararen alde lan egin nahi duten sektore guztietako eragileekin “ahaleginak bateratuta”.
Era berean, euskaraz egiten diren kultur edo ekoizpen lanak ezagutarazteko programak eta dinamikak bultzatuko dituzte, eta euskarazko tokiko produkzioak babesteko konpromisoa hartu dute. Hala, Txingudiko badian euskaraz diharduten komunikabideei babes berezia emango diete. Gainera, Euskaraldia bezalako egitasmoei “merezi duten bultzada” emateko prest azaldu dira koalizioko kideak.