Txingudi da Gipuzkoa mailan errefus gehien sortzen duen mankomunitatea
Bidasoaldeko Lagunak talde ekologistak salatu duenez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak emandako datuen arabera, 2018an eskualdeko biztanle bakoitzeko 269 kilo hondakin sortu ziren.
Bidasoaldeko Lagunak gizarte eta ekologista taldeak Birziklatzearen Nazioarteko Eguna ospatuko du (hilak 17, ostirala). Egun hori probestu nahi dute Irun zein Hondarribiko udalei eta oro har herritarrei erronka bat jartzeko: 2010an errefusa erdira jaistea eta birziklatze tasa %65era igotzea.
Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, Txingudi da Gipuzkoako mankomunitate guztien artean errefus gehien sortzen duena: 269 kilo biztanle bakoitzeko. Aurreko urteekin alderatuta hobekuntza txiki bat gertatu den arren, birziklatzearen aldeko pausoak “abiadura oso motelean” doazela salatu dute. “Gipuzkoako 70 herritan joan den urtean %70a baino gehiago birziklatu zuten”. Hala, Txinzer mankomunitateari birziklatzeko benetako apustua egitea eskatu diote taldetik.
Egoera horren aurrean, Bidasoko hondakinen sorrera gutxitzeko asmoz neurriak berehala hartzea exijitu diete eskualdeko bi udalei. Klima aldaketa eta lur, ibai eta ozeanoetan ematen den plastiko pilaketa ekiditeko neurriak hartzeko premia nabarmendu dute Bidasoaldeko Lagunek. “Mundu lineala ez da inolaz ere bideragarria, batetik lehengaiak mugatuak direlako eta bestetik sortzen den zaborrak eta honen tratamenduak eragiten duen kutsadura sostengaezina delako”.