Irun "hiri eraginkorra" izateko konpromisoa hartu du Santanok
PSE-EE taldeak landa eremuaren eta ingurumenaren aldeko zenbait neurri hartuko dituela jakinarazi du gaur.
San Isidro eguna ospatu du Jose Antonio Santano alkateak (PSE-EE) gaur San Martzialen. Ingurumenerako taldeak dituen proiektu eta proposamenen berri emateko probestu du bisita. “Hiriaren etorkizuna eraginkorra izan behar du bai edo bai”, adierazi du alkategaiak.
Energia eraginkortasuneko neurriak hartuko dituztela jakinarazi dute, adibidez, LED argiztapena indartuz. Gainera, linea erabat elektrikoen aldeko apustuekin jarraituko dutela adierazi dute; L-2 linea berde berria egiteko konpromisoa hartu du alkateak. “Hirian zehar mugitzen garenean oinezko ibilbideak sustatu behar dira, garraiobide publikoak eta baita bizikleta”, nabarmendu du Santanok.
Beste neurri bat ingurumenaren inguruan aisialdi eta heziketa programa bat martxan jartzea izango da, Natura Eskola izenekoa. Hala, natur guneetara irteeren kopurua handitzeko asmoa du alderdi sozialistak, gai ekologikoen inguruan familientzako heziketa eskaintzeaz gain.
San Miguel Anakan “Ecoauzo” bat sortzea izango da alkatearen beste apustuetako bat. “Esperientzia pilotua izango da eta ingurumen inpaktua murrizteaz gain, lagunduko du auzokideak modu ezberdinean pentsatu eta bizitzea”, dio alkategaiak. Amaitzeko, baserritarren eta lehenengo sektorearen alde lanean jarraituko dutela adierazi du Santanok. Hala, baserrietako produktuen aholkularitza, profesionalizazioa eta lehiakortasuna Bidasoa Bizirik agentziatik eta udaletik indartu behar direla nabarmendu dute, landa eremuaren etorkizuna ziurtatzeko.