600 txakur baino gehiago bilduko dira igandean Ficoban
Orotara, 630 txakur lehiatuko dira berrogeigarren Gipuzkoako Nazioarteko Erakusketan. Txakurrik onenaren titulua eta Errege Kopa jokatuko dute Ficoban.
630 txakur baino gehiago lehiatuko dira datorren igandean (hilak 19) txakurrik onenaren titulua eta Errege Kopa irabazteko. Berrogeigarren Gipuzkoako Nazioarteko Txakur Erakusketa egingo dute Ficoban. Orotara, ehun trofeo eta domina baino gehiago banatuko dituzte.
Irlanda, Italia, Finlandia, Suedia eta Japoniako epaileek osatuko dute epaimahaia, haiek arduratuko dira txakurren kalitatea baloratzen. Gainera, Jose Manuel Monreal irundarrak ere epaimahaian parte hartuko duela jakinarazi dute antolatzaileek.
Berritasunekin dator aurtengo edizioa, Rhodesian Ridgeback eta Russki Toy arrazetako aleak ikusteko aukera izango baita. Parte hartzen duten txakur guztien artean arraza bakoitzeko alerik onena aukeratuko dute. 9:30ean hasiko dute lehiaketa, eta 19:00etan emango diote amaiera. Bitarte horretan, Espainiako Txapelketarako Gaitasun Agiria eta Nazioarteko Gaitasun Agiria eskuratzeko aukera ere izango dute partaideek.
Finalak 16:00etatik aurrera izango dira, Ohorezko Ringera igoko dira arraza bakoitzeko alerik onenak. Gainera, bestelako lehiaketa txiki ugari izango direla nabarmendu dute Ficobatik.
Sarrera 5 eurokoa izango da (10 urtetik beherakoentzat 3 eurokoa). Informazio gehiago, Ficobaren webgunean eskura daiteke.