Hiriko landa eremurako "aukerak eta zabal bideak" proposatu ditu EAJ-k
Hiriko landa eremua biziberritzeko apustua egin dute jeltzaleek, besteak beste, KM 0-aren kontsumoa sustatuz.
EAJko alkategai Xabier Iridoyk landa munduaren inguruan alderdiak hartuko dituen konpromiso eta apustuak aurkeztu ditu gaur, Olaberria Bailaran eskaini duen agerraldian. Hiriko landa eremua biziberritzeko apustua egin dute jeltzaleek, besteak beste, KM 0-aren kontsumoa sustatuz. “Irunek duen nekazal mundu oparoari, aukerak eta zabal bideak eskaini behar dizkiogu”, adierazi du Iridoyk.
Lehenik, landa munduak egun bizi duen egoeraren analisia egin nahi izan du alkategaiak. “Azken hamarkadetan Irun bere landa eremuari bizkarra emanez bizi izan da, eta bertako ingurune naturalak ezezagunak dira irundar askorentzat”, adierazi du Iridoyk. Orain arte, udalak Bidasoa, Meaka, Olaberria, Lapitze eta Kateako nekazal guneei jaramonik ez egitea leporatu diote udal gobernuari. Nekazal munduak “aitorpen soziala” behar duela dio jeltzaleak, eta horretarako, baserritarrek egiten duten lana balioan jartzeko beharra dagoela.
Ezinbestekotzat jo dute jeltzaleek kalitatezko fruitu, barazki, haragi edo eztiaren berri ematea irundarrei. Horretarako, udalak laguntzak eta kanpaina informatzaileak aurrera eraman beharko lituzkeela uste du Iridoyk; “eta guk hala egingo dugu”, gehitu du.
Era berean, baserritarren behar eta proiektuak udal agendan egotea beharrezkoa dela nabarmendu du, eta hala, udalaren eta baserritarren arteko Lan Mahaia sortzea proposatu du taldeak. “Nortasuna eta idiosinkrasia mantentzea beharrezkoa da, baita nekazal jarduerak sustatzea, ekoizleei malgutasuna, erraztasuna eta laguntza eskainiz, haiek behar dituzten azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak ahalbidetzea ere”.
Amaitzeko, behingoz Olaberria Bailararen Babeserako Plana gauzatzea eskatu diote udal gobernuari. Hala, planaren idazketa sustatzea eta bertan zehaztutako ekintzak burutzeko konpromisoa hartu du Iridoyk. “Ezin dugu Irun hiri gris bilakatu, duguna zaindu eta hobetu egin behar dugu”.