Kalean eta agenda politikoan
Hilabetero kalera ateratzen dira indar erakustaldiak eginez. Oraindik asko ez dutela lortu onartzen dute, baina bidean direla uste dute. Pentsio duinak eta blindatuak lortu arte ez dira etxera itzuliko.
Elur bola bezala handitu da, txiki izatetik sekulako indarra duen mugimendu erraldoi bilakatzeraino. Badakite politikoen agendan daudela, baina hori baino gehiago nahi dute, politikoengan eragin. Pentsio duinen alde borrokatzen dira, beraien eta datozenen etorkizunaren defentsan. Kalea dute gotorleku, eta ez dira etxera bueltatuko haien eskakizunak blindatuak ikusten dituzten arte.
Hondarribiko Pentsiodunen Mugimendua orain hamasei hilabete sortu zen, 2018ko urtarrilean. Ordutik astelehenero dute zeregina. Ordu erdiz elkarretaratzen dira Kasino Zaharrean, eta hileroko azken asteko astelehenean manifestazioan joaten dira handik Portura.
Ondoko herrikoa baino hilabete lehenago Irungo Pentsiodunen Mugimendua hasi zen kalera ateratzen. Bien elkarlanetik Txingudiko plataforma sortu zen gerora. Bakoitzak bere bidea segitzen du —irundarrak hilean behin mobilizatzen dira, azken astelehenean—, baina tarteka ekintza bateratuak egin izan dituzte eta bost mila lagunetik gora bildu izan dituzte eskualdeko manifestazioetan. Urte eta erdi eskas da Bidasoko plataformak jaio zirela, baina mugimendua bazen lehenagotik: «Donostian lehenago hasi ziren, duela bost urte, eta gu beraiekin batera lanean hasi ginen, indar handiagoa egiteko. Txingudiko taldeak sortu arte Donostiako pentsiodunekin batera mobilizatzen ginen».
Eta Oarsoaldeko Duintasuna lehenagokoa da, 2012ko martxoan eratu baitzen elkarte bezala. Lehenak izateaz gain, euren borroka zabalagoa dela esan daiteke, adineko pertsonengan eragiten duten askotariko gaiak lantzen baitituzte. «Pentsiodunek dituzten arazo guztiengatik borrokatzen gara, pentsioak, kopagoaren kontra, dependentzia lege propioaren alde, erresidentzietako egoera hobetzeko, mediku ratioetan eta arreta zerbitzuan eman diren atzera pausuak salatzeko, osasunean baliabide gehiago eskatzeko…».
Mugimendu bakoitza independentea da besteekiko, baina uneoro harremanetan daude. «Askatasuna dugu erabaki propioak hartzeko, eta aldarrikapen propioak egiteko, baina hiru probintzietako mugimenduen artean bost puntuko eskakizuna adostu dugu». Honakoak dira bost puntu horiek: KPIaren araberako igoera iraunkorra; pentsio duinak eta publikoak bermatuko dituen sistema publikoa; jasangarritasun faktorea deuseztatzea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; eta emakume eta gizonen arteko arrakala deuseztatzea. «Eskubidea da, langileek euren soldata duina aldarrikatu behar duten bezala, guk gure pentsio duinerako eskubidea dugu», adierazi dute Irungo mugimenduko kideek. Bat datoz Oarsoaldekoak: «1.080 euro. Europako Gutun Sozialaren arabera hori da Espainiako Estatuan bizitzeko behar den gutxieneko pentsioa. Ez egotea jatekoak erosi edo berogailua jartzeko adina ematen ez duen pentsiorik».
Talde bakoitzak beste eskaera batzuk proposatu ditzake, baina bost horiek komunak dira, eta lortu arte ez dira kaletik mugituko. Hala azaldu du Oarsoaldeko taldeak: «Alderdi politikoek kontuan hartzen gaituzte, eta hori kale mobilizazioei esker lortu da. Gai zehatzetan ez dugu asko lortu, egia da, neurriren bat geldiarazi bai, askoz gehiago ez». Gutxi bada ere, lortu dutena borrokaren bidetik lortu dutela argi dute hondarribiarrek: «Dena ez da negatiboa, bidea egiten ari gara. %1,6ko igoera lortu bada, pentsiodunen mobilizazioengatik izan da, bestela %0,25ean jarraituko genuke».
Dirua, gaizki banatua
Pentsio duinen aldeko aldarria Espainiako Estatuan ere zabaldu da. Tokian tokiko ñabardurekin bada ere, borroka globala bilakatu da. Baina Oarsoaldeko eta Bidasoko pentsiodunek ez dute oso urrutira begiratu nahi, euskal herritarren pentsioak Euskal Herrian bermatzea nahi dute, gipuzkoarrena, Gasteizen. «Pentsioak Euskal Herrian bermatu behar dira», uste du Oarsoaldeko Duintasunak, «EAEn kotizatu dugu, eta diru hori hemen kudeatu behar da».
Hondarribiko pentsiodunen nahia ere da Gizarte Segurantzaren eskumena Eusko Legebiltzarrarena izatea. «Nahiko genuke erabakiak hemen hartzea, baina badakigu eskumena Madrilek duela». Hori bai, sinistuta daude Gasteizen badagoela aukerarik pentsioengan eragin eta euren eskakizunei erantzuteko: «Espainiako gobernuak ez badu 1.080 euroko gutxieneko pentsioa onartzen, Jaurlaritzak neurriak har ditzala falta dena osatzeko».
Irundarrek ez dakite zein formularen bitartez, baina falta dena osatzeko eskatu diete euskal erakundeei: «Hemen dirua dago, eta pentsio horiek osatu egin behar dira, ez dakigu zerekin, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DSBE) edo propio sortutako laguntza batekin, baina pertsona batzuek 500 edo 600 euroko pentsioa jasotzen dute, horrekin ezin dira bizi. Jaurlaritzak hori osatu beharko luke, behintzat gutxieneko soldatara iristeraino».
Pentsiodunen mobilizazioetan entzuten den ideia nagusietako bat da dirua gaizki banatuta dagoela. Duintasunak azaldu du: «Enpresa handiak diru pila eramaten ari dira eta irabazi horiek ez dute islarik pentsioetan. Fiskalitatea ondo aplikatu dezatela». Eta politikoei kritika zorrotza egin die: «Zergatik diputatu batek urte gutxitan lortzen dute pentsio handiena jasotzeko eskubidea? Eta non daude Espainiako Estatuak banketxeak salbatzeko utzi zituen 600 milioi eurotik gora horiek?»
Bihar Donostian Politikoak dituzte jomuga Oarsoaldeko eta Bidasoko mugimenduen eskakizunak. «Espainiako Gorteetako hauteskundeetan kontuan izan gaituzte, eztabaida politikoetan pentsioetan hitz egin izan dute, alderdiek pentsioekiko duten jarrera azaldu behar izan dute, beldurra sartu zaie gure indarra ikusita».
Larunbatean Donostian beste indar erakustaldi bat egin zuten Oarsoaldeko, Bidasoko eta Gipuzkoako gainontzeko eskualdeetako pentsiodunek. Donostiako kaleak beteko zituzten eta lau haizeetara zabalduko dute euren ahotsa. Badakite indarra dutela, badakite agenda politikoan daudela, baina ez dira horrekin konforme. Hortik kanpo egon nahi dute, haien eta atzetik datozenen pentsioak blindatu direla esan nahiko baitu.
Inkesta
Espainiako Gorteetako hauteskunde kanpainan asko hitz egin zen pentsioez. Ikusteke dago maiatzaren 26ko foru eta udal bozetan ere gai nagusietako bat izango ote den. Horretaz galdetu diegu Oarsoaldeko, Irungo eta Hondarribiko pentsiodunen mugimenduetako hiru kideri.
1. Azken urteetako mobilizazioetan hauteskunde urtea zela gogorarazi izan duzue, eta herritarrei eskatu pentsioen alde bozkatzeko. Kasu egin dizuetela uste duzue?
2. Zer esango zenioke Pedro Sanchez Espainiako presidenteari, gobernua osatzeko orduan kontuan hartzeko?
3. Eta Sanchezekin negoziaketetan parte hartuko duten gainontzeko alderdietako ordezkariei?
4. Zein garrantzia dute pentsiodunentzat udal hauteskundeek?
«Udalek aukera dute gizarte zerbitzuetan inbertitzeko, hori exijitu behar zaie»
Alfredo Rodriguez. Duintasuna elkarteko kidea
1. Kopagoaren kontra herri ekimenez sinadurak jaso zirenean, EH Bilduk eta Podemosek Madrilgo Parlamentura eta Gasteizko Legebiltzarrera eraman zituzten, eta atzera bota ziren. Guk ez dugu inoiz bati edo beste bati bozkatzeko eskatuko, baina orain arte EH Bildu eta Podemos dira kalean gaudenon ekimenak jaso dituztenak.
2. Pentsioak igotzeko esango nioke, miseria gorrian dauden milaka pentsiodun ditu, jarri daitezela ados Toledon. Eta Euskal Herriari dagokiona emateko esango nioke.
3. Espainian negoziatuko dutena guri bost, hemen hartu behar dira erabakiak. Segurtasun soziala transferitu dezatela, 40 urte daramatzagu horrekin. ‘Gauzak lortzen ari gara’ esaten dute. Bai, errepideak. Baina nola gaude pentsiodunak, nola daude adinekoak? Hori da falta dena, ez Abiadura Handiko Trenik, edo ez dakit zein errepide.
4. Udalek, berez, ez dute eskumen handirik pentsioen inguruan, baina gizarte gaietan inbertitzeko aukera dago, hori exijitu behar zaie, pertsona adinduetan inbertitzeko, erresidentzietan, etxez etxeko laguntza zerbitzua hobetzen, erresidentzietara joan nahi ez dutenek laguntza profesionala jaso dezaten… Gauza horiek guztiek soluzioa behar dute.
«Botere neoliberalei men ez egiteko esango nioke Pedro Sanchezi»
Xole Agirre. Irungo Pentsiodunen Mugimenduko kidea
1. Aurreko hauteskundeetan mahaian egotea egokitu zitzaidan, eta adineko pertsona asko etorri ziren nola bozkatzen den ez zekitenak. Ezkerreko alderdiei baliogabetuetako boto asko egon ziren. Beldurgarria da oraindik dugun maila, ezjakintasuna itzela da.
2. Etikoa eta garbia izateko esango nioke Sanchezi, botere neoliberalei men ez egiteko. Zer egingo lukete bankuek pentsioa kobratu eta hurrengo egunean Gipuzkoako pentsiodun guztiek diru hori aterako bagenu? Hurrengo egunean berriro sartuta ere, kolpe handia izango litzateke bankuentzat, ez lukete dirua izango gure nomina guztiak emateko.
3. Lehenengo pertsonetan pentsatzeko eskatuko nieke, gero beste gauzetan. Zertarako Abiadura Handiko Tren bat hemendik Bilbora joateko, martxan jartzeko distantziarik ez badago? Zergatik ez egungo trenbidea konpondu? Horrela gutxi batzuren artean mugitzen da dirua, ez zaio jendeari iristen.
4. Gurekin konpromisoak dituzten alderdiak zeintzuk diren pentsatu beharko genuke bozkatu aurretik. Ez da beldurrik eduki behar zerbait desberdina bozkatzeko, guri lagunduko digun horretan pentsatu dezatela, eta hori kontuan edukita bozkatu dezatela.
«Pentsiodunak eta adinekoak gara, udal hauteskundeak garrantzitsuak dira»
Ana Mari Blanco. Hondarribiko Pentsiodunen Mugimenduko kidea
1. Jende askok bozkatu du, baina pentsioengatik izan da, ala eskuin muturraren beldur zirelako? Argi dago parte hartzea igo dela Vox aurkezten zelako, jendeak Andaluzian zer gertatu zen ikusi duelako. Hemen, Euskal Herrian, EAJ eta EH Bildu asko igo dira, eta EAJk neurri konpentsatorioen kontra bozkatu zuen. Ez, ez da pentsioengatik bozkatu.
2. Bete dezala agindu duena, pentsioak blindatu ditzala. Eta ezkerrarekin akordioetara iritsi dadila. Bakarrik gobernatzea erabakitzen badu, batekin eta besteekin akordioetara iritsi beharko du, ba arlo sozialean ezkerrarekin elkartu dadila.
3. EAJk indar handia du, busti dadila, kontuan eduki gaitzala. EH Bilduri, jarrai dezatela borrokan. Eta Podemosi, saiatu daitezela gobernuan eragiten, gure aldarrikapenak aintzat har ditzan.
4. Udal hauteskundeak garrantzitsuak dira, pentsiodunok adin bat dugulako, pentsiodunak eta nagusiak gara, eta gizarte zerbitzuen beharra geroz eta handiagoa dugulako. Udalak ez daude ondo kudeatuta, hemen behintzat hutsuneak daude, Gizarte Zerbitzuetan hutsune handiak daude. Erraz esaten dute hau eta beste egingo dutela, baina gero ez dute hitza betetzen, udal antolaketa oso eskasa delako, pertsonala falta delako.