Hiritarrak kudeaketa publikoaren parte hartzaile izatea proposatu du EAJk
Irungo EAJk udal hauteskundeei begira osatu duen programaren lehen atala aurkeztu du gaur Batzokian. Irungo Udalaren kudeaketa eta gobernantza ereduaren inguruan aritu da Xabier Iridoy alkategaia.
Irungo EAJk udal hauteskundeei begira osatu duen programaren lehen atala aurkeztu du gaur Batzokian. Zehazki Irungo Udalaren kudeaketa eta gobernantza ereduaren inguruan aritu da Xabier Iridoy alkategaia. “Udalak komunikazio sareak sortu behar ditu, egun ez ditugun sareak, horregatik zentzu horretan, gobernu estilo berri baten alde egin dugu”, adierazi du bozeramaileak. Hala, gardentasunean, eraginkortasunean, parte hartzean eta hurbiltasunean oinarritutako gobernantza baten alde lan egingo dutela nabarmendu du.
“Hiritarrak, kudeaketa publikoaren eta Irunen etorkizunaren eraikuntzaren parte hartzaile bilakatu nahi ditugu”, dio alkategai jeltzaleak. Hala, irundarrak subjektu pasibo izatetik aktibo izatera pasa behar dutela nabarmendu dute taldetik. Eta horretarako, hiriko auzo elkarteak ezinbestekoak izango dira jeltzaleentzat, solasaldi espazioak sortuz. “Eta nola ez, behin Hiritarren Parte Hartze Araudia onartzen denean, hura abiaraztea da asmoa, eta ez egun arte bezala kaxoi batean uztea”, gehi du Iridoyk.
Bestalde, herritarrekiko zein beste udal taldeekiko gardentasunak duen garrantzia nabarmendu nahi izan du, udaletxe edo alkate batek hiriaren aniztasuna beti kontuan izan behar duela. Ondorioz, parte hartze batean oinarritutako gobernantza bat indarrean jartzeko asmoz, udal webgune berri bat eratzea proposatu du EAJk, “praktikoagoa, erabilerraza, erakargarria eta informazioa bilatzeko sinplea”.