Hiriko merkataritzari bultzada emateko zenbait egitasmo aurkeztu ditu Santanok
Irungo merkataritza txikia sustatzeko programan definitu dituzten konpromiso eta egitasmoak aurkeztu ditu gaur PSE-EE taldeak.
Irungo PSE-EEk datozen udal hauteskundeetarako osatu duen programaren lehen xehetasunen berri eman du gaur. Hiriko merkataritza sustatzeko definitu dituzten konpromiso eta egitasmoak aurkeztu ditu gaur Santano alkateak Pio XII plazan, berak definitu duen bezala, “hiriko merkataritzaren bihotzetako batean”.
“Irun sekulako erakargarritasuna duen hiria da, eta guk hobetu eta bultzatu nahi dugu. Hori egiteko bidea partekatutakoa izan behar duela uste dugu, udalaren, erakundeen eta herritarren artean, denak baikara azken finean kontsumitzaileak”, adierazi du alkategaiak. Lehenik, merkataritzaren egoeraren inguruko analisi baten beharra nabarmendu du. Hala, iaz gipuzkoarren %50ak erosketak online bidez egin zituela nabarmendu du, hori izango da alderdi sozialistak hurrengo legealdian gainditu nahi duen erronketako bat. Horretarako, merkatariekin batera lanean jarduteko mezua helarazi du; proposamen zehatzak aurkeztu ditu gaurko agerraldian.
Lehenengo konpromisoa familia artean erosketak egiteko herritarrei pizgarriak ematea da. Hala, asteburuetan hiriko auzo zehatz batzuetan kaleak dinamizatzeko asmoa dutela adierazi du Santanok, herritarrak erostera animatzeko asmoz.
Era berean, merkatarien formazioan jarri du garrantzia alkateak. Hiriko dendek sare sozialetan presentzia handitzeko formazio saioak proposatu dituzte. Gainera, online erosketen munduan murgiltzeko ere aholkularitza jasoko dutela adierazi du.
Hirugarren proposamena azken hilabeteotan jada eskaini duten K-Bizia programa indartzea da. Merkataritza gune berriak irekitzeko diru laguntzak direla gogoratu dute (lehen bi urteetako alokairua ordaintzen diete), eta laguntza horrekin dagoeneko 100 komertzio berri inguru ireki dituztela. “Horien %70a oraindik bizirik jarraitzen du, datu oso garrantzitsua da”. Horrez gain, industria arloan ere K-Bizia laguntza emateko konpromisoa hartu du alderdi sozialistak, pabiloi txikiek ere alokairurako dirua jaso dezaten.