Bi pianista, bertsolari bat, 'Eta... zer gehiago?'
Bertsolari bat eta bi pianista, Andoni Egaña, Xabier Lizaso eta German Ormazabal. Hondarribiko Udaleko Kultura departamentuak Eta… zer gehiago? ikuskizuna programatu du larunbaterako Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan. Sarrerak 6 euroan eros daitezke; 18 urtetik beherakoek erdia ordaindu beharko dute.
Atzo aurkeztu zuten ikuskizuna Itsas Etxean. Bertan izan ziren Egaña eta Ormazabal, Txomin Sagarzazu alkatearekin batera. “Hondarribira etortzeagatik berritasun honekin” eskerrak eman zien alkateak: “Hasieratik argi izan dugu Itsas Etxea Auditoriumak euskal kulturaren sorkuntza eta hedapenean laguntzeko balio behar zuela, eta emaitza onak izaten ari garela uste dut”.
Eta… zer gehiago? gogoeta bat da, bizitzako bidegurutzeei buruz musika, hitza eta bertsoaren bitartez egiten den formatu bereziko hausnarketa. Hiru protagonistek elkarrekin lan egin izan duten arren, Ormazabalek nabarmendu zuen lehen aldia dela formatu honekin jarduten dutena: “Bi pianista eta bertsolari-idazle bat elkartu gara proiektu berri honi ekiteko. Lehendik elkarrekin lan eginak ginen baina inoiz ez bi piano aldi berean oholtzan direla. Emanaldiaren lehen berezitasuna horretan datza: bi pianista elkarrekin joaz oholtzan”.
Egitaraurako, Rachmaninov, Chopin, Ravel, Bernstein, Milhaud eta Piazzolaren piezak aukeratu dituzte, “berezko pisu eta esanahia duten piezak” Ormazabalen hitzetan. Eta historia bat laguntzeko balio dutenak. Hala azaldu zuen Egañak: “Istorio bat kontatzeko baliatzea egokia izan zitekeela pentsatu genuen. Eta istorio hori hitzez eta bertsoz kontatuko da. Partikularretik abiatutako istorioa da baina unibertsalerako bidea aisa egiten duena”.
Bizitzan bidegurutze asko suertatzen dira, erabaki bat edo beste hartzeko beharra. Horietako bat ia pertsona guztiei hamazazpi-hemezortzi urterekin iristen zaigula kontatu zuen bertsolariak: “Ikasten segi edo ez. Eta ikasten segitzekotan ze bide hartu”. Lizasori eta Ormazabali ere egokitu zitzaiela erantsi zuen, eta hortik datorkiola izenburua ikuskizunari: “Eskolan ikasketa-arduradunak zer ikasi behar zuten galdetu zietenean biek erantzun bera eman zuten: pianoa. Orduan, eskolan, etxean, kalean… pianoa ikasi behar zenuela esaten bazenuen hurrengo galdera segurua izaten zen: Eta… zer gehiago?'”.