"Irun eta bere pertsonak protagonistak" diren programa osatu du EAJ-k
Datozen maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira, talde jeltzaleak landuko dituen bost ildo estrategikoen berri eman du Xabier Iridoy alkategaiak.
Irungo EAJ taldeak datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako osatu duen programa aurkeztu berri du. Gaur eman dute proiektuaren xehetasunen berri taldeko zenbait kidek, tartean Xabier Iridoy alkategaia. “Programa ahalik eta osatuena izan dadin, Irun eta bere pertsonen onurak jasotzen dituen programa osatu dugu, urte oso bat daramagu lanean”, adierazi du bozeramaileak.
Programa osatzeko, zenbait erakundetako kargu publikoekin elkartu direla diote, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta bestelako zenbait elkarterekin. Gainera, azken hilabeteotan bost mahai inguru egin dituztela gogoratu dute, “irekiak”, hiritar orok parte hartzeko aukera izan duela nabarmendu dute. “Guztion esperientzian eta errealitatean sakontzea izan da helburua hasieratik”, adierazi du Iridoyk.
Bost ildo estrategiko
Datozen hauteskundeei begira egituratu duten programak bost ildo nagusi dituela jakinarazi dute gaurko agerraldian. Lehena, gobernantza berria da. “Koordinazioan eta lankidetzan sinisten dugu, eta ez konfrontazioan”. Hala, udalak herritarrekin erlazionatzeko duen metodoa berritu nahi dutela dio bozeramaileak, hiriak norabide egokian aurrera egin dezan.
Bigarren ildo estrategikoa bultzada ekonomikoa dela zehaztu du alkategaiak; enplegu duina, egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko konpromisoa hartu du talde jeltzaleak.
Gizarte sustapena da EAJk landuko duen hirugarren ildoa. Bizi baldintzak eta gizarte kohesioa hobetzen lagundu nahi dute.
Laugarrena hiriaren biziberritzea da, eta “hiri ikuspegi modernoagoa eta abangoardistagoa” bilatzen dute honekin. Hirirako sarbidea, hirigune historikoa eta zabalguneak babesteko konpromisoa hartu du Iridoyk.
Amaitzeko, bizikidetza eta segurtasunaren alde lan egingo dutela nabarmendun dute. “Ordezkari politikoen eta gizarte zibil antolatuaren arteko ituna lortu nahi dugu, irundarrak errespetu giroan elkarrekin bizitzeko aukera izan dezaten, eta Irun hiri seguruagoa izan dadin”, gehitu du Iridoyk.
Programa osoa, datozen egunetan eskuragarri izango dela jakinarazi dute.