Gipuzkoako eskolarteko txapelketan, 11 domina bidasoarrentzat
Joan den igandean (hilak 5), Gipuzkoako eskolarteko txapelketa jokatu zuten Plaiaundiko kirol instalazioetan. Emaitza onak eskuratu dituzte BATeko gaztetxoek.
Emaitza onak izan dituzte Bidasoa Atletiko Taldeko kirolariek asteburuan. Joan den igandean (hilak 5), Gipuzkoako eskolarteko txapelketa jokatu zuten Plaiaundiko kirol instalazioetan. Taldeko gaztetxoek, orotara, hamaika domina eskuratu dituzte.
Urrezkorik irabazi ez arren, zilar eta brontzezko domina mordoarekin amaitu dute txapelketa bidasoarrek. Alebin kategorian, Eider San Millan eta Alaine Aguerraldek zilarrezkoa eskuratu dute; Laia Olacoaga infantilak ere bigarren postuan sailkatzea lortu zuen igandean. Alvaro Zabalo (500 m infantil) eta Milek Elosegi (disko jaurtiketa) izan dira podiumeko bigarren kutxara igo diren taldeko beste bi kirolariak.
Era berean, Elaia Tapia (60 m hesi), Nora Aramendi (pilota jaurtiketa), Eba Telletxea (500 m infantil), Bikendi Aizpiolea (500 m infantil), Hany Castro (1000 m oztopo) eta Joaquin Alonsok (luzera saltoa), brontzezko domina bana eskuratu dute.