16. Bioterra, ekainaren 7tik 9ra, itsasoari begira
Bioterra azoka ekainaren 7tik 9ra egingo dute Ficoban. Ohiko gaiez gain, arreta berezia jarriko dute ozeano eta itsasoek bizi duten egoeran.
Ficoba Euskal Kostaldeko Erakustazokako klasikoetako bat, Bioterrak, baditu hamaseigarren ekitaldirako datak eta mamia. Ekainaren 7tik (ostirala) 9ra izango da aurtengoa. Gaur aurkeztu dute Ficoban bertan egindako agerraldian. Produktu Ekologikoen, Bioeraikuntzaren, Energia Berriztagarrien eta Kontsumo Arduratsuaren Euskadiko Azoka da Bioterra.
Aurtengo Bioterraren gai zentrala. ohikoak ahaztu gabe, ozeanoen zein itsasoaren egoera izango da. Horri begira, maiatzaren 19an (igandea da), ekintza berezia egingo dute Surfrider erakundearekin batera: Plaiaundiko Parke Ekologikoaren barruan, itsasoko zabor bilketa bat egingo dute. Bioterra bitartean, gainera, Surfrider-ek itsasoko hondakinak sailkatzeari buruzko tailerrak antolatuko ditu maiatzaren 19an jasotakoak erabiliz. Ozeanoa, olatuak eta itsasertza babesteko helburuz lan egiten du Surfrider-ek.
Itsasoaren iraunkortasunera begira Bioterrak izango dituen bestelako ekitaldien barruan, gaurko agerraldian GAEA elkarteak antolatuko duen Eta nik, zer egin dezaket iniziatiba nabarmendu dute. Plastikoaren gainean egindako ikerketak azalduko dituzte, hainbat aldagai eta daturen gaineko gogoetak zabalduz.
Nekazaritza ekologikoa, gora
ENEEK Euskadiko Elikaduraren eta Nekazaritza Ekologikoaren Kontseiluak emandako hainbat datu eman dituzte gaurko Ficobako agerraldian. Hala, EAEn, nekazaritza ekologikoan dabiltzan langileen kopurua %8 hazi da 2018an, eta ustiapen horien azalera %5 handitu: 2018ko abenduan ekologikoan ari ziren nekazarien kopurua 585ekoa zen, eta lantzen duten azalera 4.466 hektareakoa. Horien fakturazioa 42,5 milioi eurokoa izan da aurreko urtean. Hau da, gorantz doan sektorea da nekazaritza ekologikoarena.
Hala, horiek eta gehiago jakinarazi eta zabaltzeko ENEEK-ek toki berezia izango du Bioterran, haren barruan dauden ekoizleek informazioa zabaldu eta hainbat produktu eramango dituztelako. Aldi berean, produktu horien onurak jendartean era zuzenean zabaltzeko showcooking jarduerak antolatu ditu ENEEK-ek, baita antolatzaileei eman ere orduero zozkatuko diren produktu ekologikoen sortak ere.
Informazio osagarria:
- Bioterra zabalik egongo da: ekainaren 7tik 9ra.
- Ordutegia: ekainaren 7an eta 9an (ostirala eta larunbata) 10:00etatik 20:00etara. Ekainaren 8an (larunbata) 10:00etatik 21:00etara.
- Sarreraren prezioa: 3 euro (12 urtera arteko haurrak doan).
- Doako aparkalekua egongo da.