Txikienetatik sinfoniko moduan jarrita
Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak orkestra sinfonikoa osatu du 7-11 urteko ikasleekin. Larunbatean lehen entsegua egin zuten.
Txikien Orkestra Sinfonikoa sortu dute Hondarribian, 7-11 urteko musika tresnako ikasleekin. Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak udaberri hasieran ireki zuen izena emateko aukera eta erantzunak aurreikuspenak gainditu ditu. 65 haurrez osaturiko taldea sortu dute. Asteburuan egin zuten lehen entsegu irekia, beste bi egingo dituzte eta, hilaren 25ean, kontzertua .
Gaur goizean aurkeztu dute Txiki Sinfonik goiburuko proiektua musika eskolaren egoitza den Kultur Etxean. Bertan izan dira Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotzia, Esther Barandiaran eta Xabier Saenz hezkuntza zentroko zuzendaritza taldeko kideak, eta orkestrako arduradun izango den Raffaella Acella.
Irungo Kontserbatorioko biolin irakaslea da Acella, eta eskarmentua du ikasle hasiberriekin, 2016 urtetik Euskadiko Ikasleen Orkestra proiektuko Orkestra Txiki taldearen zuzendaria baita. Nabarmendu duenez, “berritasuna da eskola batean txikien orkestra sinfonikoa lantzea”, ez baita ohikoa oinarrizko graduan soka eta haize instrumentuen ikasleak elkarrekin aritzea. “Badira soka orkestrak, baina oso ezohikoa da maila horietan soka eta haize instrumentuak elkarrekin aritzea”, esan du. Horregatik, eman dioten aukeragatik esker ona adierazi du Acellak: “Oso eskertuta nago Hondarribiko musika eskolarekin, oso hunkigarria da guztia niretzat, baina hunkigarriena, dudarik gabe, haurrek lehen entseguan elkarrekin jo zutenean izan duten erreakzioa”.
Ezohikoa den arren, ikasleen formaziorako aukera handia dela deritzo irakasleak. “Ikasle bakoitzak bere partitura ikasi behar du, baina gero taldera eraman, eta elkartasuna sortzen da, denek nahi dutelako ondokoak ere ondo jotzea”. Barandiaranek arrazoia eman dio: “Ikasgeletan instrumentuarekin egiten dugun bakarkako lana dagokion testuinguruan ahalik eta azkarren kokatzeko sortu dugu proiektua. Eta ikasleek ikusten dute bakoitzak zerbait txikia eginez denen artean zerbait handia sortzen dutela. Elkarri laguntzen ikasten dute, zain egoten, ondokoari aditzen, ondokoa errespetatzen”.
Proiektua Hondarribiko eskolak sortu duen arren, ez da itxia. “Hasieratik ikusi genuen oso argi proiektu hau irekia behar zuela izan -azaldu du Saenzek-. Eskola kanpoko ikasle eta irakasleen laguntza izan dugu, eta oso pozik gaude emaitzarekin”. Musikarien laurden bat ere beste eskoletako ikasleak direla jakinarazi du: “Instrumentu batzuk ez ditugu adin horretan hemen lantzen, eta kanpoko ikasleei ireki diegu orkestran sartzeko aukera”, erantsi du Saenzek.
Kontzertua, “etxean”
Asteburuan egin zuten lehen entsegu irekia. Emaitzarekin oso pozik agertu da irakasle arduraduna: “Talde konpentsatua da. Egitura eta talde jakin batez ari garenez, homogeneoa eta orekatua izatea zaindu dugu”. Programari dagokionez, lau obra sinfoniko eta soka orkestrarako beste sei obra landuko ditu Hondarribiko Txikien Orkestra Sinfonikoak.
Beste bi entsegu ireki egingo dituzte hurrengo bi larunbatetan, eta, programa bukatzeko, kontzertua hilaren 25ean. Entseguak bezala, Kultur Etxeko areto nagusian izango da emanaldia. Besaulki-aretoa txikia denez, bi saio egitea beharko dituztela esan du Barandiaranek, baina erantsi du ez zutela areto handiagorik nahi: “Lehen urtean bertan egin nahi izan dugu. Haurrak urratsez-urrats joan behar dira, eta Itsas Etxea Auditoriumean jotzea jauzi handiegia izan daiteke lehen urterako. Horregatik, lehen kontzertua etxean egin nahi genuen”.