Sport Mundiri esker, migratzaileak artatzeko auto berria du Gurutze Gorriak
Hirira iristen diren migratzaileak mugitzeko eta bestelako kudeaketak egiteko baliatuko dute ibilgailu berria.
Irunera iristen diren migratzaileak artatu ahal izateko Gurutze Gorriak auto berria du. Sport Mundi elkarteak eman dio autoa; 2018an egindako kirol ekitaldietan bildutako diruarekin erosi dute. Hala, hirira iristen diren migratzaileak mugitzeko eta bestelako kudeaketak egiteko baliatuko dute ibilgailu berria.
Gaur goizean egin dute autoaren entrega. Bertan izan dira Sport Mundiko kide Manu Amunarriz eta Eneko Beldarrain. Haiekin batera, Gurutze Gorriko Txema Perez Lucero eta Elena Luquin izan dira.
Sport Mundi irabazi asmorik gabeko elkartea da. Sorreratik, kirolaren bitartez dirua lortzea izan da haien helburu nagusia, egitasmo solidarioei begira.