Skate zaleek Santiagoko parkea bereganatuko dute
Hurrengo larunbatean (hilak 11), bosgarren Skate Eguna egingo dute Irungo Santiago skate parkean.
![](https://bidasoa.hitza.eus/site/files/2019/05/skate-2653611_960_720.jpg)
Azken urteetako arrakasta ikusirik, beste urte batez Skate Eguna errepikatzeko apustua egin du Irungo Udalak. Hurrengo larunbatean (hilak 11), bosgarren edizioa egingo dute; skate zalez beteko da Ficoba ondoko Santiago skate parkea.
10-30 urte bitarteko herritarrek txapelketa berezi batean parte hartzeko aukera izango dute larunbatean. Gainera, skate parkea zabalik izango dela jakinarazi dute udaletik, norbaitek bertan patinatu nahiko balu.
Izen emateak 16:00etan egin beharko dira, Santiagon bertan. Txapelketa berriz, 16:30ean hasiko dute eta 19:30tara luzatuko dute eguna.