Hilaren 11ean, sagardoa barra-barra Urdanibia plazan
Badator Irungo 24. Sagardo Eguna. Orotara, 21 sagardotegik hartuko dute parte aurtengo sagardoaren festa erraldoian.
Badator 24. Irungo Sagardo Eguna. Datorren hilaren 11ean (larunbata), sagardoa barra-barra izango da Urdanibia plazan. Orotara, 21 sagardotegik hartuko dute parte; 4.000 sagardo botila izango dira. Txartelak 7 euroan salduko dituzte, eta trukean, zapia, pintxoa eta 10 trago edateko aukera izango dute bertaratutakoek. Bildutako diru guztia Taupadak Gobernuz Kanpoko Erakundeak jasoko du, Boliviako Amazonia babesteko.
Milaka litro sagardo horiek banatzen hiriko elkarte gastronomikoetako kideak izango dira, 12 elkartek egingo dituzte zerbitzatze lanak. Gainera, zozketa berezia izango da aurten ere; Ola Sagardotegian eta Atalaia Jatetxean afari bana zozketatuko dituzte. Gainera, 20 botila sorta ere jasoko du zozketaren irabazleak.