«Gero eta gehiago dira ekologikorantz jotzen dutenak»
Lehen sektorearen errealitatea, zentro handietako elikadura, etorkizunari begira dituzten erronkak... Gai ugari ukitu dituzte KM 0 egitasmoaren sortzaile Dornaku Lantz eta Iker Eizagirrek.
Jantokiak, zahar egoitzak, enpresak… Horrelako zentro handietan zer nolako elikadura eskaintzen dute?
Dornaku Lantz: Egia esan, flipatu egin dugu. Erabiltzaileak asko kexatzen dira kalitateaz, egia esan badakigu orokorrean ez dela etxeko janaria bertan eskaintzen dutena. Uste dut bi euro inguruko (edo gutxiagoko) kostua duela horrelako otordu batek. Hori osagai guztiak, atzeko lana, garraioa eta abar kontuan hartuta. Modu industrialean egiten dute, eta horrek merketu egiten du zerbitzua. Egia esan, ez dakit zein balio izan dezakeen horrelako elikadura batek, gainera egunero jaten dutenean. Dietista batekin ari gara lanean [Garazi Lizarralde], eta berak dio dieta hori jatea egunero guztiz desproportzionatua dela. Egunero haragia edo arraia jaten dute ikastetxe eta halakoetan. Kontsumoari, ekologiari eta osasunari begira, ez du inolako zentzurik. Gainera, lehen platera eta postreak ere edozein modukoak izaten dira, azukre eta hidratoz betetakoak. Kontsumo arduratsua sustatzeko ezin da horrelako dieta bat eraman. Gaur egungoa horrelakoa da, oso merkea, erabat ez osasungarria.
Azken urteotan herritarren artean elikadura ohiturak aldatzen ari direla ikusi duzue?
Iker Eizagirre: Bai, hala da. Proiektu honetan lanean hasteko definitu genuen hipotesi hartatik beti esan dugu sentsibilitate aldetik badagoela gero eta kontzientzia gehiago. Gero eta gehiagok ikusten dute kanpoko produktuak kontsumitzeak zein inpaktu duen naturaren ustiapenean, suntsipenean, sortzen diren azpiegituretan… Ikusten hasi gara badagoela sentsibilitate eta kontzientziazio bat jendeak ,prezioaz gain, begiratzen duelako zer sartzen duen gorputzean, asko dira ekologikorantz jotzen dutenak. Baldintzak eta masa kritiko hori dezente handitu da azken urteotan. Baina, sentsibilitate horretatik konpromiso finkoetarako saltoak askoz ere zailagoak izaten dira. Segur aski, demagun, zahar egoitza batean, bertako menua diseinatzen duen pertsona agian egon daitekeela oso sentsibilizatuta gaiarekin, baina, pertsona horrek erosketak egiteko aurrekontu bat dauka, eta egun tokikoak eta ekologikoak ezin du prezioetan lehiatu kanpotik datozen produktuekin, hori argi dago. Merkatu parametroetan dagoen konkurrentzia ezberdintasun hori gainditu behar da.
Horretarako, zein da egin beharreko lehen aldaketa?
Eizagirre: ‘Ados nago’ horretatik ‘politika hau nire zentroan sartuko dut’-era salto handia dago, baina hori da bidea. Ziur aski leku askotan oraindik ez dira lantzen hasi, eta ikusi behar da zein banaketa sistema eraiki daitekeen, aldaketa horiek zentroetan onargarriak izateko. Normalean jantokiko erosketen arduraduna ez da hasiko bere ekoizle sarea eraikitzen, ez daukalako denborarik, eta ziur aski ezta dirurik ere. Eskoletan eta horrelako zentroetan sartzeko oztopo asko daude. Horretarako, eskualde mailako sistema arautu bat eraiki behar da, jantoki kolektibo eta ekoizleei bidea errazteko.
Lantz: Kontsumo indibidualean gauza asko daude. Gure denbora, gure lana, bizitzeko ohitura, gauza asko inplikatzen dira. Denbora daukazu kozinatzeko? 09:00etatik 13:00etara erosketa egiteko aukera duzu? Bizimoldea aldatu behar da, hori ez dago norberaren eskuan. Herritarrak animatzen ditugu bertako produktuak ekoizten dituztenengana gerturatzera, kontserbak edo arroza bezalako produktuak erostea hasiera batean, lehen keinu bezala. Bakoitzak pentsa dezake zein mailaraino egin dezakeen apustu hori.
«Elikadura prezioaren arabera baloratzen dugu, ez dugu beste irizpiderik erabiltzen»
Zaila izanik, erakundeen laguntza ezinbestekoa izango da.
Eizagirre: Zalantzarik gabe. Nabarmendu behar dugu proiektu honekin bide berri bat hasi nahi dugula. Egun dauden baldintzekin oso zaila izango da sistema hori eraikitzea, baina borondatea daukaten agenteak elkartuz proiektu pilotuak jar daitezke martxan. Gero, sektore publikoaren edo instituzioen apustu batekin, modelo bat jar dezakegu mahai gainean. Adibideak eman daitezke. Zahar egoitza guztiek badute finantzazio bat zaintzen duten pertsona bakoitzeko. Agian egon daiteke euro bateko diru laguntza, modelo hori aldatzen joateko. Baliabide publikoz hornitu behar dira horrelako proiektuak.
Nekazarien eta abeltzainen egoera Bidasoan, nolakoa da egun?
Lantz: Esan dezakegu modu dramatikoan galtzen ari garela lehenengo sektorea, ez bakarrik gure eskualdean. Inbertsio, exijentzia maila eta produktuaren prezioa, ia kondena bat da. Badira oraindik horrela lan egiten dutenak, ausartak dira. Lehen sektorean nekazariak eta abeltzainak badaude, baina garai batean baino askoz gutxiago. Hondarribian bai mantentzen direla bertako ekoizleak, eta hemen, Irunen, ere badaude. Baina supermerkatuetara joan eta gehien ikusten dena kanpoko produktuak dira. Hemengo produktuek oraindik ez dute erosle nahikorik. Betiko arazoa hori da, elikadura prezioaren arabera baloratzen dugula, ez dugu beste irizpiderik erabiltzen. Eskualdean badaude, baina babes falta handia dute oraindik.
«Sistema arautu bat eraiki behar da, jantoki eta ekoizleei bidea errazteko»
Hortaz, merkatu hori sortzea izango da konponbidea?
Lantz: Hori da. Kontua da Euskal Herrian ez dagoela nahiko elikagai herritar guztiak artatzeko, asmoa da hori horrela izatera pasatzea. Guk oraingoz baditugu lehenengo sektoreko ekoizleak modu ekologikoan egiten dutenak, baina beste modu batetara ere lan egiten dutenak ere badira eskualdean. Guzti horien arteko merkatu hori sortzea falta da. Ekoizle asko sar daitezke proiektu honetan.
Etorkizunari begira, horrelako proiektuek arrakasta izango dutela uste duzue?
Lantz: Zalantzarik gabe. Gainera, Europako Batasunetik ere diru partida bat dator honetarako. Ipar Euskal Herrian, adibidez,askoz ere normalizatuagoa dago bertako produktuen kontsumoa. Hemen, dirudienez, pauso bat edo bi atzera goaz. Agian handikeria bat da hau esatea, baina ez badugu hau egiten pikutara goaz. Egia da mundua desagerrarazten ari garela, eta horri erantzuteko oinarrizko puntu bat elikadura da. Elikadurak produktuena da sortzen den plastikoaren erdia. Tokiko produktuak kontsumitzeak gauza positibo asko eragiten ditu. Aldaketa klimatikoaren aurrean benetako erantzun bat eman nahi badugu, elikadura ohiturak aldatu behar dira bai ala bai. Askok txiste bat balitz bezala hartzen dute gaia, gehiegikeria dela diote, baina ez da hala.