Oinaurre eta Katea arteko oinezkoentzako bide berria egiten hasi dira
Oinaurre eta Katea auzo arteko bidea egun Elizatxo etorbidean dagoenaren alternatiba izango da. San Martzial-Txingudiko bide berria, bukatzear.
Irungo Udalak jakinarazi du Oinaurre eremuaren artean eta Katea auzoaren artean oinezkoentzako bide berria egiten hasi dela. Zehazki, Elizatxo etorbidean, bertako haur parketik, eskailerak eta espaloi berria egiten hasi dira. Berez, Elizatxo etorbidetik joan daiteke toki batetik bestera, baina udalak bide berria alternatiba gisara planteatu du.
Zehazki, hiru egitasmo landuko dituzte lan horien barruan: Lamisingo Iturria eta Oinarre arteko ezponda eskailera bidez gainditzeko obra egingo dute; eskailera berri horien ondoan eta Elizatxo etorbidean oinezkoentzako bidea egingo dute; hirugarrenez, oinezkoentzako bidea egingo dute Lamisingo Iturria kalean, Ugalde errekastoaren paraleloan doan bidegorriarekin eta eskailera berriekin bat eginez. Lanek 67.760 euroko prezioa dute.
Bestalde, udalak lan horien berri emateko oharra baliatu du hirian egiten ari diren beste lan lanen berri emateko. Hala, San Martzial-Txingudiko kirol eremura doan oinezkoentzako bidea ia egina dagoela esan du udalak, hilerritik kirol ekipamendura doan bidearen obrak, alegia. 174 metroko bidea da. Horren barruan, bigarren zati bat ere egingo dute, 66 metrokoa, kirol azpiegituraren sarreratik padel pistetaraino.