Maiatzaren 1aren harira, hitzaldi sorta antolatu du Irungo Sortuk
Lau hitzaldi egingo dituzte maiatzean zehar. Esplotazioarekin, bazterketa sozialarekin, ama lurraren suntsiketarekin edota eskubideen merkantilizazioarekin amaitzeko, mobilizazioa baliatu nahi dute Sortuko kideek.
Irungo Sortuk, Langileen Nazioarteko Egunaren harira (maiatzak 1), zenbait hitzaldi antolatu ditu datorren hilabeterako. Ezker abertzaleko kideek ez dute aski maiatzaren 1eko mobilizazioekin, eta hala, hilabete osoko egitaraua prestatu dute. Datorren asteazkeneko (maiatzak 1) Iruñeako manifestaziora atxiki dira, eta herritar orori luzatu diote bertaratzeko deialdia.
“Ez dugu aske izaterik, subirau izaterik sistema kapitalistaren baitan”, adierazi dute. Sistema kapitalistarentzako “dena zilegi” dela salatu dute, aberastasuna gutxi batzuen eskuetan pilatzen jarraitzeko. Esplotazioarekin, bazterketa sozialarekin, ama lurraren suntsiketarekin edota eskubideen merkantilizazioarekin amaitzeko, mobilizazioa baliatu nahi dute Sortuko kideek, gero eta jende gehiagok euskal sozialismoaren proiektua hurbiltzea da euren asmoa. “Borroka gogorra dator, eta horregatik uste dugu prestatzen jarraitu beharrean gaudela”, gehitu dute.
Ondorengoa da, maiatzerako antolatu duten egitaraua:
- Maiatzak 1: Iruñeako manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte. Hitzordua, 9:00etan San Juan plazan. Izena emateko, LABren bulegoan, Hazia Kultur Elkartean edota 943 62 47 14 telefono zenbakira deituz egin daiteke.
- Maiatzak 16: ‘Marx Txapeldun’ hitzaldia, Joseba Permatxen eskutik. Euskal Herriko kokapen historikotik, Marxismoak sistema kapitalista aztertu eta borrokatzeko eskaintzen dituen tresnak aztertuko dituzte. Hitzaldia, 19:00etan izango da, Hazian.
- Maiatzak 22: ‘Jubilatuen pentsioak bideragarriak al dira?’ hitzaldia, Baleren Bakaikoa eta Duintasuna mugimenduko kideekin. Ezker ikuspegi batetik eta Euskal Herritik, pentsio sistema aztertuko dute. Hitzaldia, 19:00etan izango da, Hazian.
- Maiatzak 28: ‘Gaur eta hemen. Kapitalismoari alternatibak Behe Bidasoan’ hitzaldi-tailerra. Ikuspegi antikapitalista batetik, kapitala zer den, ekoizpen modu kapitalista zer den eta horrek eragiten duen jendarte antolaketa hegemonikoa aztertuko dute. Hitzaldia 19:00etan izango da, Hazia Kultur Elkartean.