Alokairuzko etxebizitza duina izan arte, kalean jarraituko du Maria Jose Porrinok
Ia bi asteko borrokaren ostean, gaurko plenoan hitza hartzea lortu du emakumeak. "Egoera berberarekin jarraitzen dugu, eman dizkidaten aukerak ez dira bideragarriak", salatu du Porrinok.
Jada hamaika egun bete dira Maria Jose Porrino irundarrak kalean kanpatzeko erabakia hartu zuenetik. Alokairuzko etxebizitza duin bat exijitzen jarraitzen du, bere gaixotasunari duintasunean aurre egin ahal izateko. Bere beharretara egokitutako alokairua eskatu du beste behin hedabideen aurrean: “Nire egoerara moldatutako irtenbidea nahi dut, ez dut ezer doan nahi”, adierazi du emakumeak.
Ia bi asteko borrokaren ostean, gaurko plenoan hitza hartzea lortu du emakumeak. “Egoera berberarekin jarraitzen dugu, eman dizkidaten aukerak ez dira bideragarriak”, salatu du Porrinok arratsaldean Stop Kaleratzeak Bidasoa plataformako kideekin batera eskaini duen agerraldian. Plataformak plenoan aurkeztutako proposamenak soilik Ahal Dugu, EH Bildu eta EAJren babesa jaso duela diote; PSE-EE eta PP berriz, abstenitu egin dira. “Hipokrisia hutsa PSE-EErena. Bi hilabetez akordio batetara iristen saiatzen ari gara beraiekin, eta abstenitu egiten dira? Ezezkoa eman beharko lukete”, salatu du plataformako kideak.
Plenotik sartu diren bezalaxe atera direla adierazi dute. Irundarrari Udal gobernuak eskaini dion irtenbide bakarra, larrialdiko etxebizitza batetara mugitzea izan dela salatu dute; “hori ez da irtenbidea”, diote Stop Kaleratzeak-etik. “Bi gelako larrialdiko etxebizitza bat eskaintzen didate. Kontua da etxebizitza horretara ezin duela inork bisitara joan, eta soilik gizarte laguntzaileek dute aukera bertara sartzeko”, salatu du emakumeak. Irtenbide hori, “kartzela baino okerragoa” dela nabarmendu du Porrinok.
Egoera zaila izan arren, kalean jarraitzeko asmoa adierazi du Porrinok: “hemendik ez naiz mugituko, hori oso argi daukat”.