Hauteskunde orokorretarako, hautesleku berriak Irunen
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, HAZ bulegoan, Palmera Montero Gunean eta Elitxu-Lapitze auzo elkartean ere bozka emateko aukera izango da.

Datorren igandeko (hilak 28) Espainiako hauteskunde orokorretan, hiru hautesleku berri izango dira hirian. Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, HAZ bulegoan, Palmera Montero Gunean eta Elitxu-Lapitze auzo elkartean ere bozka emateko aukera izango da.
Orain arte Fueros kaleko 2. zenbakian, Toki Alai ikastetxean eta Deskarga kalean bozka eman dutenek, bestelako hauteslekuetara joan beharko dute, bertan ezingo baita bozkarik eman. Hala, orain arte Fueros kalean bozka eman dutenek, HAZ bulegoan egin beharko dute. Toki Alaien orain arte egin dutenek berriz, Palmera Monteron egin beharko dute. Amaitzeko, Deskarga kalera joaten ziren horiek, datorren igandean Elitxu-Lapitze auzo elkartera mugitu beharko dira.
Udaletik diotenez, orotara, 21 hautesleku eta 75 hauteskunde mahai izango dira datorren igandeko hauteskunde orokorretan Irunen.