"AHT errealitate bilakatuko da lau urte barru, EAJk emandako bultzadari esker"
EAJk ekitaldia egin du gaur Irunen. Bertan, Jokin Bildarratz senatariak gogora ekarri du jeltzaleek aurkeztutako mozioari esker, 750.000 euroko partida onartu zela 2019ko urtarrilean, Irungo trenbide sarea birmoldatzeko.
EAJ Gipuzkoako senatari Jokin Bildarratzek agerraldia egin du gaur Irunen. Harekin batera, besteak beste, Irungo alkategai Xabier Iridoy izan da. Bertan, Madrilgo euskal taldeak egin duen lana “erabakigarria” izan dela adierazi dute, Abiadura Handiko Trenaren lanak amaitutzat emateko eta errealitate bilakatzeko. “Abiadura Handiko Trena errealitate bilakatuko da lau urte barru, EAJk emandako behin-betiko bultzadari esker”, adierazi dute.
2023ko aurreikusi du talde jeltzaleak AHTren obrak amaituko dituztela; Gipuzkoan lanen %90a amaitutzat daudela jakinarazi du. Jeltzaleek azpiegituren, hazkunde ekonomikoaren eta bizi kalitatearen hobekuntzaren aldeko “apustu sendoa” egin duela esan du Bildarratzek. “Ekimen bezala mahai gainean jarri dugu Euskal Y delakoa amaitzea, eta Estatuko Aurrekontu Orokorren bitartez, lanak bukatzeko behin-betiko bultzada eman diogu”, azaldu du senatariak.
AHTren proiektua “euskal nazioaren etorkizuneko ardatz estrategikotzat” hartu dute jeltzaleek, “behar-beharrezkoa” dela diote. Era berean, senatariak gogora ekarri du EAJk aurkeztutako mozioari esker, Estatuaren Aurrekontu Orokorretan 750.000 euroko partida onartu zela 2019ko urtarrilean, Irungo trenbide sarea birmoldatzeko. Horren ondorioz, Irunek 34.000 metro koadro berreskuratu dituela nabarmendu dute.