Xabier Iridoy: "Irun ezin da bihozkaden eta inprobisazioen bidez gobernatu"
Herritarrek autoa aparkatzeko dituzten arazoez aritu da alkategaia eta egoera horren aurrean erantzunik ez ematea leporatu dio Jose Antonio Santano alkateari.
Irungo EAJ taldeko bozeramaile eta alkategai Xabier Iridoyk agerraldia egin du gaur. “Hirian urteetan zehar arazo izan den eta egun baden” aparkalekuen gaiaz aritu da jeltzalea. Egun, hirian aparkatzeko dagoen egoera “eutsiezina” dela salatu dute taldetik, eta herritarren artean krispazio handia sortu duela.
Egoera horren aurrean erantzunik ez ematea leporatu diote Jose Antonio Santano alkateari. Gainera, joan den astean Arbes eta Palmera Monteroko aparkalekuaren arazoak irtenbide posible bat duela jakinarazi izana kritikatu diote, “modu guztiz inprobisatuan” egin baitzuen jeltzaleen hitzetan. Are gehiago. Juan Wollmer biribilguneko behin behineko 110 aparkalekuak kendu ostean, alkateak orain arte jakitera eman ez duen erantzuna eman berri duela diote EAJ taldetik. “Argi geratu da Santano alkatearen lehentasuna ez dela inoiz herritarrek bizi dituzten arazoei irtenbidea edo konponbidea ematea. Bere erantzunaren atzerapenean eta urteen itxaronaldian besterik ez dugu erreparatu behar”, adierazi du Iridoyk.
Orain arte arazoari bizkarra ematea leporatu diote udal gobernuari. Gainera, Santanoren erabakia “berandu eta gaizki” datorrela salatu dute, eta hauteskunde kutxua duela erabaki horrek. Era berean, alkateak proposatu duen beste konponbideetako bat Gazteluzaharretik gertu dagoen aparkalekua handitzea izan dela diote taldetik. “Hori bai, gunea ezagutzen duen edonork daki proposamen honek ez duela Arbesen eta Palmera Monteron sortzen den arazoa ebazten, beste inprobisazio argi eta garbia izan da”. Amaitzeko, EAJ taldeak etorkizunera modu positiboan begiratzen duela adierazi du alkategaiak, Irun primerako hiria izateko apustua nabarmendu du. “Irun ezin da bihozkaden eta inprobisazioen bitartez gobernatu”, gehitu du Iridoyk.