Motxiladun umeen inguruko erakusketa Irunen, "jendearen kontzientzia berpizteko"
Motxiladun umeek jasaten duten errealitatea islatuko du erakusketak. Datorren hilaren 29an (astelehena) zabalduko dute.
Irungo Sare Herritarrak erakusketa berezia antolatzen ari da. Motxiladun umeek jasaten duten errealitatea islatzen duen erakusketa zabalduko dute datorren hilaren 29an (astelehena), eta maiatzaren 5era bitarte (igandea) bisitatzeko aukera izango da, Gipuzkoa Etorbidean (10. zenbakia). “Urte bat baino gehiago pasa da Haur Motxiladunek jasaten duten bidegabekeria, mila kilometro egin beharra ama edota aita ikusteko, mediatikoki zabaldu zela”, gogoratu dute.
“Jendearen kontzientzia berpizteko eta ume hauen eskubideak bermatzeko denon laguntza behar dela gogorarazteko”. Horregatik ekin diote erakusketa antolatzeari. Sare Herritarretik nabarmendu nahi izan dutenez, Euskal Herrian ordezkaritza duten alderdi guztiek (PP ezik) presoak hurbiltzeko manifestua sinatu zuten. Horrez gain, Irungo Udalak ere (2012 eta 2018an zehazki) bi mozio onartu zituela gogoratu dute Sareko kideek.
Erakusketa bisitatzeko interesa dutenek, 10:00etatik 13:00tara eta 18:00etatik 20:00etara zabalik izango da.