Maiatzeko udal hauteskundeetarako, zazpi hautagaitza Irunen
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak jakinarazi berri duenez, zazpi talde lehiatuko dira maiatzeko hauteskundeetan. Egun ordezkaritza duten lau taldeez gain (PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH Bildu), Ciudadanos eta Vox ere aurkeztuko dira.
Dagoeneko datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara aurkeztuko diren taldeen izenen berri eman du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. 2015ean aurkeztu ziren taldeekin alderatuta, berritasunak izango dira aurten. Ciudadanos-ez gain (2015ean aurkeztu arren, ez zuen ordezkaritzarik lortu), Vox talde eskuindarrak ere bozkak jasotzeko aukera izango du. Orotara, zazpi talde aurkeztuko dira aurten: PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EAJ, EH Bildu, PP, Ciudadanos (Cs) eta Vox.
PSE-EE taldeak 25 izenez osatutako zerrenda aurkeztu du. 2015ean bezalaxe, Jose Antonio Santano, Cristina Laborda, Miguel Angel Paez, Juncal Eizaguirre, Monica Martinez eta Sergio Corchonek zerrendako lehen postuetan errepikatuko dute.
Elkarrekin Podemos taldea berriz ere David Soto hautagaiarekin aurkeztuko da hauteskundeetara. Haren atzetik, beste 25 izen ageri dira, tartean, Miren Echeveste, David Nuño, Santiago Jimenez edo Maria Eugenia Lopez.
Jeltzaleek ere osatu dute zerrenda, Xabier Iridoy buru dela. Hurrengo postuetan, Miren Josune Gomez, Maria Lourdes Larraza, Iosu Iguiñiz eta Jose Enrique Corchon izenak aurki daitezke.
Euskal Herria Bildu ere 25 izenekin aurkeztuko da maiatzeko hauteskundeetara. Jokin Melida izango da alkategaia, eta lehen postuetan errepikatuko duten Jose Cayetano Diez edo Daniel Berasategiren aurretik, Oihana Briones edo Ane Unanue emakumeen izenak irakur daitezke.
Muriel Larreak errepikatuko du alkategai gisa PP alderdiarekin. Besteek ez bezala, 23 izeneko zerrenda osatu du taldeak, Iñigo Manrique, Francisco Javier Fernandez de Diego edo Maria Botejara lehen postuetan direlarik.
Amaitzeko, Ciudadanos taldeak 22 izeneko zerrenda aurkeztu du; Javier Estevez Videira izango da alkategaia. Vox taldean berriz, 25 izen zerrendatu dituzte, Alejandro Muñoz Perez da taldeak aukeratu duen alkategaia.
Zapi taldeen zerrenda osoak, hemen.
+ Ikusi 2015eko udal hauteskundeetako emaitzak.