Ficoba prest asteburuan milaka kalamu zale jasotzeko
Datorren ostiralean (hilak 26) ateak zabalduko ditu zortzigarren Expogrow azokak. Ficobako hiru pabiloi hartuko ditu.
Kalamuaren inguruko azoka handiena bueltan da. Datorren ostiralean (hilak 26) ateak zabalduko ditu zortzigarren Expogrow azokak, Ficoban. Irailean egiteko ohitura izan duten arren, aurtengoa apirilean helduko da. Hiru egunez, Euskal Herriko “gune berde” nagusi bilakatuko dituzte erakustazokaren hiru pabiloiak (12.000 metro koadro).
Kalamuaren mundua gertuagotik ezagutzeko, 180tik gora postu izango dira. Ostiralean, B2B-Expogrow Pro jardunaldia egingo dute (2.000 profesional baino gehiago bilduko dira) eta gauean, DJ Victor Santanak dantzan jarriko ditu bertaratutakoak. Larunbaterako berriz, Expogrow Fun antolatu dute; bisitariek eta profesionalek hiru pabiloiak bisitatuko dituzte. Igandean, Cannabis Box Forum-aren txanda izango da. Bertan, Carola Perez adituarekin kalamuaren erregulazioaz ariko dira. Amaitzeko, arrakasta handia duen VIII. Open Cannabis Cup egingo dute igandean.
Kalamuaren zerikusia duten produktu eta zerbitzuez gain, jateko zenbait gune izango dira. Gainera, aurten ere lehen mailako taldeak ekarriko dituzte, besteak beste, The no smoking orchestra, Danakil edota Kulto Kultibo talde irundarra. Informazio gehiago eta egitarau osoa, hemen.