Alokairu duina exijitu dute Maria Jose Porrino irundarrarentzat
Stop Kaleratzeak Bidasoak-ek salatu duenez, erakundeek alde batera utzi dute minbizia duen ama gazte bat. Jada zortzi egun eman ditu kalean kanpaturik, bere egoera plazaratzeko asmoz.
Joan den astelehenetik (hilak 15), Irungo emakume batek San Juan plazan kanpatu du. Stop Kaleratzeak Bidasoak-ek salatu duenez, erakundeek alde batera utzi dute minbizia duen Maria Jose Porrino ama gazte irundarra. Orain arte, partekatutako etxebizitza batean egin du egunerokoa, 12 urteko alabarekin. Gaixotasunari behar bezala aurre egin ahal izateko, alokairu duin baten beharra nabarmendu du emakumeak, eta hala, zortzi egun eman ditu kalean; Irungo Udalari zein Eusko Jaurlaritzari etxebizitza duin bat exijitu die. Emakumea urte eta erdiz bajan egongo dela diote plataformatik.
Joan den astelehenetik, PP alderdia izan ezik, ordezkaritza duten talde guztiek babesa eman diote. Halere, udal gobernuaren interes falta salatu dute plataformatik. “5 egun pasatu behar izan dira Ongizate saileko ordezkaria Maria Joserekin hitz egitera gerturatu den arte”, salatu dute plataformatik. Harekin batera alkatea izan zen. Bilera horren ostean, egoera berberean utzi zutela salatu dute, “plazan abandonaturik”.
Porrinoren eskaera honakoa da: bere beharretara egokitutako alokairua izatea, gaixotasunaren prozesua duintasunean bizi ahal izateko. Hala, biharko (hilak 24) plenoan mozio bat aurkeztuko dutela jakinarazi dute irundarra babesteko sortu duten taldeko kideek. Era berean, egoera antzekoan dauden irundarrei ere irtenbide berbera eskaintzea exijituko dute biharkoan. Bihar (hilak 26) Porrinok prentsaurrekoa eskainiko du, plenoan hitz egindakoa azaltzeko (16:00etan, San Juan plazan).