Sekula berriz errepika ez dadin
Javi Hamzaoui irundarrak 1970eko hamarkadan sexu abusuak jasan zituela salatu du. Irungo umezurtz etxean izan ziren abusu horiek, biktimak zortzi urte inguru zituenean.
Ia 40 urte geroago erabaki du Javi Hamzaoui Irungo bizilagunak bere kasua kontatzea. Joan den astean jarri zuen Irungo Umezurtz Etxeko kide baten aurkako salaketa; 1970ko hamarkadan sexu abusuak jasan zituela salatu du. Dagoeneko Ertzaintzaren aurrean deklaratu du, erasotzailea identifikatzeko. Hitzarekin bildu da biktima, eta garai hartan jasandakoez eta oraindik pairatu behar izaten dituenez aritu da.
«Oso gogorra». Hala definitu du Hamzaouik azken hamarkadetan bizitu behar izan duen egoera. Orain animatu da salaketa jartzera, joan den astean Josu Berra errenteriarrak emandako pausuak lagunduta.
Zortzi urte ingururekin jasan zituen abusuak Hamzaouik, baina hala ere dio «hutsune» bat duela, eta ez duela benetan noiz izan ziren gogoratzen. Anaiarekin batera ibili zen Urdanibia plaza inguruan garai hartan zegoen umezurtz etxean. «Hango bizimodua oso ankerra zen, oso gordina. Lekaimeak, eta denak oro har, ez ziren umeak babestu eta zaintzeko gai. Benetan esanda, naziak ziren», azaldu du, amorruz, biktimak. Oraindik gorrotoa sumatzen zaio, haserre horrek ere bultzatu du salaketa egitera.
Umezurtz etxean egindako egunerokoa kaskarra bazen, ile apaindegian Hamzaouik jasan behar izan zuena are okerragoa izaten zen; umezurtz etxeko ile apaintzailearen eskutik jasan zituen sexu abusuak. «Kanpotik etortzen zen guri ilea moztera, eta behin eta berriro saiatzen zen nirekin bakarrik gelditzen». Ilea mozten zion unean izaten ziren abusuak, oso gordinak, krudelak. Eraso gehiago jasan ezinik, amonarengana jo zuen gaztetxoak, laguntza eta babes bila. Amonak sekulako presioa egin zuela kontatu du, baina tamalez, erasotzailea bakarrik umezurtz etxetik kanporatzea lortu zuela. Kalean geratu zen erasotzailea, inpunitate osoz.
Orduan, Irungo bizilagunak onartu du ez zela gertatzen ari zenaz guztiz ohartzen. «Ez nintzen kontziente, ez nekien zer zen hori. Heldutasunean konturatu nintzen sexu abusuak izan zirela». Halere, ordutik, bizitutakoa elkarbanatzeko ez duela urratsik egin kontatu du, beldurragatik bereziki.
Abusuak jasan zituenetik, erasotzailea lasai asko bizi izan dela azaldu du Hamzaouik, bizitza normala egin duela. Are gehiago, oraindik kalean elkar topo egiten dutela dio, amorruz. «Ikusten dutenean iraindu egiten dut, gorrotoz beterik. Gainera, ikustea oraindik alboan lagunak dituela laguntzen eta bizitza normala egiten duela, ezer gertatu izan ez balitz bezala, lotsagarria da». Erasotzailea haur eta gaztetxoen albotik oztoporik gabe pasatzen dela pentsatzeak minez, gorrotoz eta amorruz betetzen du.
Gizon ezaguna hirian
Erasotzailearen daturik eman nahi izan ez duen arren, hirian ezaguna dela nabarmendu du. «Gizon ospetsua da Irunen, ezaguna». Ile apaintzaile ohiaren izena argira ateraz gero, askok sorpresa bat eramango luketela adierazi du.
Gertukoen erantzunarekin pozik dagoen arren, gaiak hirian izan dezakeen transzendentziarekin kezkati azaldu da. «Irungo gizartea nahiko tradizionala da, eta ez dago prestatuta horrelako gauzak ulertzeko; deserosoa izan daiteke zenbait pertsonentzat. Badirudi horrelako kasuetan hobe dela isilik egotea, baina ez», gehitu du.
Salaketak azken egunotan izan duen oihartzunarekin «aztoratuta» dagoela aitortu du, eta gogoz dago gaia alde batera uzteko, orain arte izan duen bizitzarekin jarraitzeko. Halere, emandako pausuak merezi izan duela dio, beste kasu asko baitaude oraindik ikertzeke. «Honek guztiak argira atera behar du, Irunen eta inon, sekula berriz gertatu ez dadin».