'Maita dezagun ondo' kanpaina egin dugu hilabetez, maite gaituzuen horiek ondo maitatzeko urratsa eman eta HITZAkideak biltzeko helburuarekin
HITZAkide kanpaina abian jarri dute hainbat eskualdetan dauden HITZA egunkariek. Euskarazko egitasmoa maitatzetik, babestera pasatzea da asmoa.
Argi genion egilerik gabeko ikus-entzunezkoan: asko maitatu baino, maita dezagun ondo. Dagoeneko egileoi aurpegia jar diezaiokezue; gu guztiok baikaude ikus-entzunezkoaren atzean: Oarso Bidasoko Hitza, Irutxuloko Hitza, Lea-Artibaiko Hitza, Goierriko Hitza eta Urola-Kostako Hitza.
Ondo maitatzearen aldeko aldarria egiten genuen, bai. Asko maitatzea, izatekotan, kuantitatiboki izan daiteke aberatsa. Miren Amurizak 2016ko azaroaren 30ean Berrian egunkarian zioen bezala: “Maitatzea gradu bat da bere horretan; maite duzu edo ez. Ala inor maitatu daiteke gutxi? Beraz kontua ez da zenbat, baizik zelan.”
Ohartzen gara askok eta askok, asko maite gaituzuela: gure aldeko aldarria egiten duzue 160 karakteretan, estimatzen duzue festen kontakizuna argazkitan egitea, gustuko duzue kalean gurutzatzen duzuen bizilagunaren iritzia gure orrietara ekartzea, parte zareten elkartearen berri ematea, herriko kontuen euskalwikipedia izatea… maitatuak sentitzen gara. Datuek hori diote: milaka eta milaka bisitaldi dituzte eguneko gure webguneek.
Baina asko maitatzetik ondo maitatzerako urratsa ez duzue maite gaituzuen guztiok ematen. Amurizak argi zion: “Ondo maitatzea zaintzea da, ez itotzea; onartzea, ez aldaraztea, ez idealizatzea; bestearekin kritikoa izatea da, ez epaitzea; hobetu dezan motibatzea, ez eskasa dela sentiaraztea…” .Bada, eman urratsa eta zain gaitzazue.
Maita gaitzazue ondo, egin HITZAkide!
Ondo maitatzeko modurik zintzoena HITZAkide egitea da, gure aterpean ostatu hartzea. Guk, ordainetan, tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik kontatzeko konpromisoari heldu eta bertako edukia hainbat euskarritan emango dizuegu: paperean, izan egunkarian edota aldizkarian; eta Internet bidez, webgunean eta sare sozialetan argitaratuta. Gertuko informazioa modu gertukoan jaso nahi baduzu, eman urratsa eta egin zaitez HITZAide.
Horretarako hiru bide daude eta horietatik bi, norbanako erabiltzaileei zuzenduta daude. HITZAkide figurak Interneteko kontsumitzaileak hartzen ditu kontuan. OARSO BIDASOKO HITZAk, adibidez, iaz 400.000 bisitari izan zituen bere webguneetan, eta ikusitako orrien kopurua milioitik gertu geratu zen:
- HITZAkidea: 50 euro ordainduta prentsa eskaintza PDFan jasoko duzu, albiste bereziak lehenago irakurtzeko aukera izango duzu, azala zure neurrira jarri ahal izango duzu, HITZAkide txartela izango duzu (zozketetan parte hartzeko eta deskontuak lortzeko) eta, nola ez, proiektua indartzen lagunduko duzu.
- Baina Internetez ez ezik, papereko edukia kontsumitzen duenentzako ere badago eskaintza.
HITZAkide Harpideduna: Prentsa eskaintza osoa etxean eta PDF formatuan jasoko duzu, albiste bereziak lehenago irakurtzeko aukera izango duzu, azala zure neurrira jartzeko aukera izango duzu, HITZAkide txartela izango duzu eta proiektua indartzen lagubduko duzu. - Bi aukera horiez gain, herriko merkatari eta komertzianteei begirako eskaintza ere badu HITZAkidek.
HITZAkide Iragarlea: prentsa eskaintza etxean eta PDF formatuan jasoko duzu, publizitaterako tratu bereziak egingo ditugu, albiste bereziak lehenago irakurtzeko aukera izango duzu, Hitzakide txartela izango duzu eta proiektua indartzen lagunduko duzu.
Bertako produktuen zozketaren irabazleak
Horrez gain, aipatu, Maita dezagun ondo kanpainan zehar hiru zozketa izan ditugula martxan maitadezagunondo.eus webgunean. Bertako produktuak jarri ditugu zozketan eta sari horien irabazleak ondorengoak izan dira:
Lehenengo saria (Zuberoan otordua, Orduña Spa eta Iztueta otarra): Avelina Mauleon Garziandia (Etxarri Aranatz).
Bigarren saria (Gandariasen otordua, Areatza Spa eta Lakari saskia): Nerea Urdangarin (Orio).
Hirugarren saria (Mahala saskia): Haizea Bernedo (Ondarroa).