Eliz Musika Zikloak 37. ekitaldia itxiko du asteburuan
Larunbatean Ingenium Ensemble seikote esloveniarrak abestuko du parrokian. Igandean, ahots zurien emanaldi bikoitza, etxeko Xatz eta Ondarroako Unanue koruekin.
Eskifaia Elkarteak udalaren eta elizaren laguntzarekin antolatutako 37. Eliz Musika Zikloko bigarren asteburua iritsiko da etzi. Bi kontzertu izango dira asteburuan, bana larunbat eta igandean. Biak Alde Zaharreko parrokiak jasoko ditu, 20:00etan hasita.
Larunbatean aurtengo ekitaldiko talde entzutetsuena iritsiko da Hondarribira, Esloveniako Ingenium Ensemble seikotea. Haien maila zein den antzemateko datu bat: 2014ko Tolosako txapelketan sari guztiak irabazi zituen, eliz musikaren, musika polifonikoaren eta publikoaren sariak. Ezagunak ez diren piezak abestu ohi dituzte, Berpizkunde garaiko madrigalak eta moteteak, eta haien herrialdeko sortzaile gazteen konposizioak.
Igandekoa ere aipagarria da, aurten ez baitute etxeko abesbatzek itxiko jaialdia. Batek bai, Xatzek, baina ahots zurien beste koru batekin batera prestatu du emanaldia, Ondarroako Unanue Kamara Koralarekin. Egitarau oso garaikidea prestatu dute, batez ere euskal konposatzaileen lanekin osatutakoa.