Mattin Sorzabalbehere: «Korrikak Irunen bi aro izan ditu; mugaren irekieraren aurrekoa eta ondorengoa»
Ia Korrika guztietan bezalaxe, autoa prest izaten du Bidasoko AEKko kideak lasterkariak hirira heltzen direnean, kaleak eta bereziki korrikalariak animatzeko.
Gogoan duzu zure lehen Korrika?
Arduradun bezala, nire lehenengoa zazpigarren Korrika izan zen. Oroitzen dut lekukoa eraman nuela, Moskuko musika taldeek hartu genuen kilometroan zehazki. Halere, aurretik Korrika gehiago bizitu izan ditut. Hogei bat urte nituen lehenengo hartan, eta ordutik, pare bat edizio izan ezik, ez dut bakar bat ere galdu.
Berezia izango zen, ezta?
Ez dira erraz ahazten diren uneak. Pixka bat arraroa izan zen, pankartatik aldentzen saiatzen nintzen, eta pankartakoek, ordea, ni harrapatzen. Sekulako barre algara izan zen, eta halako batean entzun nuen ‘poliki-poliki!’ atzean, sekulako desastrea prestatu genuen [barrez]. Lehenengo horretan Baionan amaitu genuen, euripean, gaupasaz. Oso berezia izan zen, hunkigarria.
Hainbeste edizio bizita, Korrika asko aldatu dela uste al duzu?
Bai, hala da. Garai batean behar bada protagonismoa lekukoak zuen eta gaur egun badirudi goazela sound system batean sartuta [barrez]. Birika handi bat da Korrika euskararentzako. Urtez urte, herri guztietan sumatzen joan da euskararen aldeko batuketa hori handitzen joan dela zorionez. Urte asko dira, eta badu bere karga emotiboa.
Edizio guzti horietatik bereziren bat gogoratzen duzu?
Orokorrean denak. Korrikak Irunen bi aro izan ditu guretzat. Mugaren irekieraren aurrekoa eta ondorengoa. Korrika Santiago zubiko mugara iristen zenean, poliziaren kontrola zela-eta zaila izaten zen pasatzea. Kotxea eta lasterkariak goitik behera erregistratzen zituzten, kristoren tentsioa egoten zen. Banan-banan pasaportearekin pasa behar izaten genuen. Gogoan dut behin Espainiako Polizia kate bat eginez jarri zela. Aurrean zuten jendetza ikusita, azkar kendu ziren. Lehenengo Korrikak oso gogorrak izan ziren, ez zen txantxa muga igarotzea. Batzuetan gogoan dut korrikalariak ziztu bizian irteten zirela mugatik, kontrolean galdutako denbora hori aurreratzeko. Mugaren arazo hori lehenengo Korrika guztietan izan zen, 2000. urtera arte akaso, 10. Korrikara arte gutxi gorabehera.
Prest igande gauerako?
Noski. Azken edizioetan bezala, Irundik autoarekin joango naiz, ibilbide guztia koordinatzeko. Gainera, gaua izanik, berezia izango da. Halere, uste dut Korrika guztiak direla bereziak, denek dute bere xarma. Hortaz, korrika zauden momentu guztiak gozatzeko horietakoak dira.
Irungo Korrika Txikiak txikitik gutxi duela erakutsi du azkenaldian.
Hala da. Ikaragarria da Irungo kaleetan biltzen den jendetza. Hilaren 9an egingo dugu eta aurten ere 800-1.000 lagun inguruk egingo dute korrika, hiriko hamar bat ikastetxek hartuko dute parte. Indartsua izaten da, oso alaia.
Badirudi gero eta irundar gehiago batzen direla euskararen aldeko olatu erraldoira.
Zalantzarik gabe. Orain dela bi urtekoa demasa izan zen, halako multzorik ez genuen sekula ikusi Irunen. Colon pasealekua beteta zegoen, ikaragarria izan zen. Hain zuzen ere, zer pentsatzeko ematen duen jaia ere badela uste dut. Ea ez ari ote zaizkigun gauzak bihurtzen sinbolikoegiak, eta beharbada ez diogu gaiari heltzen. Gaia berez erabilera da, hizkuntzaren kalitatea, ez bakarrik korrika egitea.
Hori izan ohi da Irunek duen arazoetako bat. 35.000 herritarrek euskara ulertu arren, erabilera datuak ez dira onenak.
Zoritxarrez, hala da. Ez dugu ahantzi behar legalki ere badirela konpromiso batzuk euskararekiko, eta horiek ere eskatu behar direla. Ezin dugu bakarrik utzi euskaldunongan hizkuntzaren geroa, erabilera eta kalitatea. Pentsatzen dut behar dugula erakundeen mailan eta lege aldetik pauso handiak ematea, benetan beste hizkuntzen pare egotea nahi badugu. Administrazioek babesa ematen dute baina ez da gauzatzen. Orduan, horrek asko lagunduko liguke, uste dut giltza hein handi batean hor dagoela.
AEK-k eta euskaltegiek hor paper garrantzitsua jokatzen dute.
Euskaltegiei esker, 300.000 lagun baino gehiago euskaldundu dira hemen, eta horrek ere aldaketa dakar Korrikan. Hemendik pasa ostean, horietako askok ere bizitu dute Korrika, beste edozein euskaldunek bezala. Ederra da hori.