21. Korrikarako beroketak hasiko dira gaur
Goizean, Korrika Txikia eta Korrika Gaztea egingo dituzte. Eta bihar, Korrika Festa.
Korrika Txikia 10:45ean hasita eta Korrika Gaztea 12:15ean. Gaur hasiko dira hondarribiarrak 21. Korrikarako beroketak egiten.
Lehen Hezkuntzako ikasleak izango dira goiztiarrenak, 10:45ean abiatuko baitira Arma Plazatik. Kale Nagusia jaitsi, Sabin Arana alderik alde egin eta San Pedro kaletik sartuko dira Portuan. Santiago kalean bukatuko dute ibilbidea eta, bertan, euskararen konpromisoa adieraziko dituzte Ama Guadalupekoa, Egiluze eta Talaiako haurrek.
Korrika Gaztea lehen aldiz egingo da Hondarribian. 21. Korrika herritik ordu txarrean pasako denez, badaezpada, beraiena antolatzea erabaki zuten Talaia institutuko ikasleek. Eta beste zentroekin ideia partekatu zuten.
Korrika Txikiaren ibilbide bera egingo du Korrika Gazteak, 12:15ean Arma Plazatik irtenda. Santiago kalean eskola bakoitzak ekintza bat burutuko du.
Bihar Korrika Festa
Biharko, larunbaterako, Korrika Festa antolatu du Gazte Xaiak, udalaren eta eragile pila baten laguntzarekin. Kasino Zaharrean egingo dute eta udalak karpa handia jarri dute bertan, eguraldi txarra ez dadin izan ez agertzeko aitzakia.
Etzi, Korrikaren zain
Igandean, berriz, Talaia Institutuak arratsetik girotuko du herria, eta dei egin die hondarribiar denei hurbiltzeko. 19:00etan muxiko kalejira abiatuko da Arma Plazatik Klub Nautikoraino, ikasleen sortu duten txarangak lagunduta. Bertan, afaria egingo dute Talaiakoek.
Afalostean, 23:00etatik aurrera Kasino Zaharreko karpan, euskal bingo jolasean aritzeko aukera izango da (euskal kantak eta abeslariak erabiliko dituzte zenbakien ordez). Goizaldeko ordu batean iritsiko da Korrika Hondarribira, 00:54an zehatzago.