Ilargia izango dute gidari astelehenean
Gauez iritsiko da aurtengo Korrika Irunera, Hendaiatik. Igande gaueko ordu txikitan hartuko dute irundarrek lekuko preziatua; dagoeneko kilometro guztiak saldu dituzte AEKn.
Hendaiatik helduko da 21. Korrika Irunera. Astelehenean (hilak 8) euskararen aldeko lasterketa erraldoiak hiria bereganatuko du, gauez egingo dute Klika irundarrek. 00:42an hartuko dute lekukoa, Santiago zubian. Hiriko zenbait kale zeharkatu ostean, Hondarribitik pasa eta berriz ere hirira bueltatuko dira.
Irungo AEK-ko kideek jada dena prest dute. «Aise» saldu dituzte kilometro guztiak. Are gehiago. Kasu batzuetan, aurtengoan bezala, kilometroak bikoiztu egin dituztela azaldu du Beñat Alzaga Bidasoko AEK euskaltegiaren zuzendariak. «Ibilbidea murriztu behar izaten dugu, kilometro gehiago saltzeko, eskaera handia baitago».
Jendetzak petoa janzteko konpromisoa hartu arren, lasterketatik harago jarduerak antolatzeko zailtasunak izan dituzte aurten. «Irunen euskalgintza ez dago ehunduta, josita». Hala, Korrika batzordea osatzeko aukerarik izan ez dutela azaldu du, penaz: «Zaila da hiri honetan denok batera arraun egitea». Halere, Landetxako auzo elkarteak zenbait ekitaldi antolatu ditu astebururako.
Larunbatean (hilak 6), Irungo eskola zaharrean petoak margotzeko saioa egin dute. 17:00etan elkartuko dira, eta bakoitzak kamiseta zahar bat ekartzeko deialdia egin dute. Igandean (hilak 7) berriz, Korrika festa egingo dute auzoko frontoian (12:30tatik aurrera). Astelehenerako (hilak 8), deialdi berezia egin dute auzotarrek. Aurtengo Korrika auzotik pasatzen ez denez, kilometro berezia zeharkatuko dute auzotarrek. 00:00etan, Behobiako A8 zubi azpitik irtengo da auzoko kilometroa.
Ondorengoa da Korrikak hirian zehar egingo duten ibilbidea, lekuko guztiekin (eta lekukoa eramango duten elkarte, enpresa eta eragileen izenekin):
- Santiago zubia, gasolindegia baino lehen. Bidasoa LHI Guraso Elkartea.
- Iparralde etorbidean, zubi azpian. Pio Baroja BHI ikastetxea.
- Iparralde etorbidea, Nagore kafetegia. Toki Alai eskola.
- Zabaltza plaza, komisaldegian. Eguzkitza HLHI.
- Hondarribia kalea, Anzaran plazan. Txingudi Ikastola.
- [Hondarribiko zatia].
- Hondarribia kalea, Gurutze Gorrian. CAFeko LAB sekzio sindikala.
- Txanaleta plazan, Luis Marianon. Gure Esku Dago Irun Kultur Elkartea.
- San Juan plazan, bus geltokian. Bidasoako Euskal Kultur Taldea.
- Nafarroa etorbidea, Avia gasolindegian. Irungo Udala.
- Azken Portu kiroldegian. Irungo Mendizale Elkartea.
- Artia, bus geltokian. Plaiaundi BHI.
- Behobian, eskola zaharrean. Betti Gotti Euskal Kultur Elkartea.
- Autopistaren zubipean, ITV ondoan. Landetxako Auzokideak.
- Bidasoa Auzoa. Elatzeta ikastetxea.
- Alunda baserrian. Kemen Dantza Taldea.
- Lastaola, zubipean. Argitrans garraio agentzia.
- Lamiarri baserrian. Bidasoa Koop eta Hiritik At.
- Bidasoa auzoa, N21 irteera. Aitzondo Euskara Taldea.