Urdanibia dagoeneko auzo sortzailea da
'Auzo sortzaileak' programaren hirugarren edizioan Urdanibia Berri ingurua dinamizatzea izan dute helburu. Polikromatutako egurrezko totem ugari jarri dituzte auzoan.

‘Auzo sortzaileak’ egitasmoaren hirugarren edizioan, Urdanibia plaza dinamizatzea izan dute helburu. Irungo Udaleko kultura sailak Bitamine Faktoriarekin batera egindako programa da, arte garaikidea baliatuz, hiriko auzoak dinamizatzeko asmoz. Oraingoan, Maushaus laborategiak dinamizatu du auzoa.
Auzotarrak izan dira auzoa dinamizatzeko prozesuaren protagonista nagusiak. Hala, talde motorra osatu ostean, Urdanibia inguruko gune berdeak berreskuratzeko pausoa eman dute, bertan kultur eta aisi ekitaldiak antolatzeko asmoz. Prozesuaren emaitza, iragana, oraina eta etorkizuna elkartzea izan dela argitu dute udaletik. Horretarako, polikromatutako egurrezko totem ugari jarri dituzte Urdanibia inguruan; auzoko interes puntuetan jarri dituzte. Totem horietan, auzotarren oroitzapenak, anekdotak edota auzoaren historia islatu dituzte. Gainera, QR kode bana du totem bakoitzak, herritarrei bideratutako erronka ugarirekin edota informazio osagarriarekin. Gainera, Errotaundi kalean bost hegazti habi jarri dituztela jakinarazi dute udaletik, auzotarrek behaketak egin ditzaten.
Datorren ostiralean (hilak 5) aurkeztuko dute proiektua auzoan. 18:00etan hitzordua izango dute bizilagunek Urdanibia plazan.