Trainerua, 'Ezagutu Zure Hiria'-ko azken protagonista
Aste honetan itxiko da Arma Plaza Fundazioaren hitzaldi eta bisita gidatuen ikasturtea.
Hondarribiko trainerua izango da Arma Plaza Fundazioaren Ezagutu Zure Hiria programako apirileko saio bikoitzeko protagonista. Bihar, ostegunez, Traineruaren eboluzioa Hondarribian goiburuko solasaldia jasoko du Arma Plaza kultur guneko goiko solairuak, 19:00etan hasita. Luis Mari Agirre, Koldo Ortega eta Inazio Olaziregi izango dira hizlariak.
Larunbatean, berriz, bisita gidatua egingo da osteguneko hitzaldiari lotuta. Hiru hizlariek gidatuko dute bisita eta, bidean, Olaziregi ontziolan eta Hondarribia Arraun Elkartearen instalazioetan emango dituzte azalpenak. 11:00etan hasiko da ibilbidea, Gabarrari kaleko ontziolan.
Ohi bezala, larunbateko bisitarako ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea. 943 64 36 77 eta 943 64 46 23 telefono zenbakietan eman daiteke izena.
Hondarribiko ondarea herritarrei hurbiltzea da Ezagutu Zure Hiria programaren helburua. Aste honetakoa 2018-2019 ikasturteko azken saio bikoitza izango da. Udazkenean itzuliko da hitzaldi eta bisita gidatuen programa.