Angel Alonso: «Elkano bezala murgildu ginen proiektu honetan, abenturan sinisten»
Zinema zuzendari antxotarrak gidatutako ‘Elcano eta Magallanes, lehen mundu bira’ filma iritsiko da Euskal Herriko eta beste herrialde askotako zinematara datorren uztailaren 5ean. Irungo Dibulitoon estudioan ekoitzi dute osorik.
Aspalditik dator pelikula egiteko asmoa, ezta?
Bai, orain dela 15 urtetik zehazki. Orduan egin genuen gidoiaren lehen bertsioa. Pilotu bat egin genuen eta filma egiteko modua planteatzen hasi ginen. Halere, ohartu ginen filmak gainditzen gintuela. Gainera, garai hartan oraindik animazioa modu tradizionalean egiten zen, eskuz margotuta. Filma zaila da egitea, beti saihesten saiatzen garen elementuz beterik baitago. Aurten 500 urte beteko dira Elkanok eta konpainiak munduari lehen bira eman ziotenetik. Unea iritsi zela uste genuen, orain bai ala bai egin beharrekoa zela ikusi genuen. Gainera, azken 15 urteotan teknologiak sekulako aurrera pausoa eman du eta guk ere asko aldatu dugu lan egiteko metodoa. Aurretik ikasi genuena gehitu diogu modelo berri horri, arriskatu egin gara.
Zergatik erabaki duzue Elkanoren bizitza kontatzea?
Gauza berezi bat gertatu zitzaigun. Proiektua mugitzen hasi ginenean konturatu ginen inork ez zuela Elkano ezagutzen. Merkatura finantziazio bila joan ginen, Alemania, Ingalaterra edota Frantziako produktoreekin lan egiteko. Guztiek pentsatzen zuten Elkano asmatutako pertsonaia zela, fikziozkoa. Ez zegoen pertsonaiarekiko interes hori. Gainera, denek pentsatzen dute Magallanes izan zela munduari lehenengoz bira eman ziona, eta ez zen hala izan. Zalantzarik gabe horrek ziztatu gintuen, eta nahiko bidegabea zela iruditu zitzaigun. Gure hondar alea jarri behar genuela ikusi genuen, jendeak benetan Elkano zein izan zen jakiteko.
Pelikulak gertaera historikoak kontatzen dituenez, haurrek ikasteko aukera ere izango dute, ezta?
Noski baietz. Askok galdetu didate filma ea noraino den fidela historiarekiko. Hau ez da dokumental bat, ezta biografia bat ere, fikzioa da. Horretara jokatu behar dugu, adin tarte guztientzako abenturazko istorio bat kontatu nahi izan dugu. Benetan gertatutako bidaia izanik, gertaera errealetan oinarritu dugu filma. Kontua da ez genuela nahi dokumentazio horrek gure lana baldintzatzea eta lotzea nahi. Horregatik, zenbait lizentzia hartu ditugu, bereziki pertsonaiak bilakaera bat izaten laguntzen digutenak. Hala, pertsonaiek bilakaera bat dute, ikasteko aukera dute bidaian zehar. Horrek pertsonaia erakargarriak sortzeko aukera eman digu. Gainera, niri betidanik antiheroiak heroiak baino gehiago gustatu zaizkit. Munduari bira eman zioenean Elkanok 40 urte inguru zituen, esperientzia handiko marinela zen. Filmean, berriz, gazteagoa egin dugu, esperientzia gutxiagokoa, nahiko prezipitatua.
Zer ikusiko dute udaran zinemara joango direnek?
Abenturazko istorio bat ikusiko dute, benetan gertatukoaren hurbilketa bat, ahalik eta fidelena. Munduari bira emateaz gain, pertsonai hauek itsasoari nola egiten dioten aurre ikus daiteke, edo bestelako kulturekin duten talka hori. Ibilbidearen amaieran Molukak uhartera iritsi ziren, bertan espezieen ibilbidea zegoelako. Egun barregarria iruditu arren, garai hartan sekulako bidaiak egiten zituzten kanela edota iltzea lortzeko. Imajinatu zenbateko errentagarritasuna ematen zuten espezieek, bueltatu zen ontzi bakar batekin espedizio guztia finantzatu zutela. Bostak batera iritsi balira…
«Orain arte egin dugun lan zailena izan da film hau, zalantzarik gabe»
Beti esan ohi da marrazki bizidunen filmak haurrentzako direla.
Marrazki bizidunen filmetan hala dela dirudi, bereziki Espainia mailan. Badirudi target logikoa haurrak direla. Animaziozko zinema askorentzat bigarren mailako zinema da, badirudi soilik haurrentzako dela. Orduan, saiatu gara familiarteko publiko batetara iristen. Gainera, filmak baimentzen duela uste dut, eduki historikoa baitu, eta umore ukitu batzuk ematen saiatu gara ere. Gutxi, hau berez drama bat izan baitzen. 200 pertsona abiatu ziren bost ontzitan, eta soilik 18 marinel bueltatu ziren, ontzi bakarrean. Imajinatu bidean zer gertatu zen. Horrek ere istorioa moldatzera behartu gaitu. Benetako istorioa drama bat izan zen: buru mozketak, hilketa bortitzak… Hori gertatu zen benetan. Hori guztia gozatu egin dugu hein handi batean, eztitu egin dugu. Are gehiago. Borroka batzuetan ez da pertsonaia bakar bat ere hiltzen ageri. Publiko guztientzako filma izatea nahi genuen hasieratik.
Zaila izango da marrazki guztiak zerotik sortzea, ezta?
Orain arte egindako filmak kontrolatuagoak izan dira. Ekoiztetxe independentea izanik, produktua kontrolagarria izatea bilatzen dugu beti. Film gehienak dozena bat pertsonaiez osatutakoak izan dira, asko jota 8-10 dekoraturekin. Honetan, berriz, 200dik gora pertsonaia sortu behar izan ditugu, horri aurre egitea oso zaila izan da. Dekoratu asko egin behar izan ditugu ere, eta denetan jendetza agertzen zen.
Zein izaten da animaziozko film baten erronkarik handiena?
Animazioak duen gauzarik onena dena asmatu behar duzula da, eta txarrena ere hori da, dena zerotik sortu behar izatea [barrez]. Abantaila izan daitekeen hori, momentu batzuetan arazo bilakatzen da. Azken finean, filmak pertsonalitatea izatea nahi baduzu, estilo propioa lortu behar duzu. Horrek elementu guztiak zerotik sortzera behartzen zaitu. Noski dokumentazio ofizialetan erreferentziak daudela, baina adibidez, kasu honetan ez genekien zehazki Sevilla nolakoa zen orduan. Ahalik eta fidelena izateko, koadro eta dokumentazio ugari bilatu behar izan dugu. Garaiko dokumentazioaren eta fantasiaren arteko joko bat izan da.
Eta film honetan?
Ura egitea, zalantzarik gabe. Beti saihesten saiatzen garen elementua da ura. Pertsonaia batek barneko eskeleto bat du, eta animatzaileak mugimendua ematen dio, elementu guztiak lantzea errazagoa da. Ura, aldiz, mekanikoa da, matematikoa. Fluxuen simulazioa egin behar da, parametro matematikoekin erlazio zuzena du. Oso zaila da urak, itsasoak kasu honetan, zuk nahi duzun hori egitea. Pertsona bakar bat izan dugu film guztian zehar soilik ura egiteko. Borroka potoloa izan dugu, baina pantailan ikustean merezi duela uste dut. Lau programa ezberdin erabili ditugu ura sortzeko, egoera eta klima ezberdinak ondo islatu ahal izateko.
«Animazioak duen gauzarik onena eta txarrena dena zerotik sortu behar izatea da»
Filma egiten 3 urte eman dituzue, Elkanok bezala munduari bira emateko…
[Barrez] Bai, bai, egia da. Guretzako ere balentria bat izan da. Ez dut imajinatzen nola ziren gai ontzi horietan munduari bira emateko. Ikusgarria da nola egiten zuten. Segur aski gai izan ziren arriskatu zirelako, gauza berri eta ezezagunei aurre eginez, eta gure kasuan ere hala izan da. Proiektu honetan murgildu ginen, Elkanok bezala jakin gabe zer izango genuen aurretik, abenturan sinisten. Tour de force bat izan da guretzat halako proiektu bat egitea.
Trailerrean ikus daitekeenez, irudi aldetik ikusgarri geratu da filma. Gustura geratu zarete emaitzarekin?
Oso gustura. Aurrekontu murritza izan arren, ikusleak horretaz ez ohartzea izan da asmoa. Esan beharra dut asebete geratu naizela, oso pozik emaitzarekin. Orain arte ikusi dutenek film handia dela iruditu zaie. Dena esfortzua eta imajinazioaren fruitua izan da.
Aurreko proiektuekin alderatuta, salto handia izan da?
Nik uste salto ikaragarria izan dela, ez soilik teknikoki, baizik eta konplexutasun mailan ere. Proiektu handiak egin ditugu orain arte, baina bakar batek ere ez zuen honek duen zailtasuna. Beti saiatu gara produkzio kontrolagarriak egiten, baina hau kontrolatzea oso zaila izan da. Halere, oso pozik gaude emaitzarekin, odola izerditu dugu, larunbat eta igandetan ere lanera etorri gara. Orain arte egindako lan zailena izan da.
Gutxik pentsatuko lukete filma Irunen egina dela.
Bai, bai, hala da. Halere, egia da hemen artista oso onak daudela. Betidanik lehen mailako profesionalak izan ditugu, eta zoritxarrez askok kanpora joan behar izaten dute lan bila. Hemen ere krisiak gogor astindu du.
Zaila da, hortaz, Euskal Herrian zinema egitea?
Niretzako hemen zinema egitea mirari bat da. Lehenik, lehia sekulakoa delako, gure aurrekontua baino 100 bider gehiago duten filmeekin lehiatzen ari gara. Titan baten eta arkakuso baten aurkako borroka da. Kasu hauetan zentzuzkoena ikusleari hemengo pelikulak ikusteko eragingarri bat ematea da.
Egoera onena ez izan arren, harrobia badago?
Hemengo zinema kalitatezkoa da. Maila oso altua du, estatu lanen maila berean dago. Moriarti, esaterako, horren adibide garbia da. Kalitatearen aldeko apustua egiten dute beti, asko zaintzen dituzte xehetasun guztiak, eta hori gaur egun oso zaila da aurkitzea.
Antxotarra izanik, Elkanok bezala zuk ere lotura zuzena izango duzu itsasoarekin.
Bai horixe! Pasaitar marinelen inguruko istorio asko daude. Gogoan dut nire lehen lana Pasaiako San Juan ontziaren itsasaldiaren inguruko film bat izan zela, Juanba Berasategirekin batera. Azken finean, itsasoan hazi ginen, portuaren ondoan bizi izan naiz txikitatik, eta horrek eragina du zure lanean ere. Gainera asko gustatzen zait historia, eta bereziki itsasoaren historia.