"Udalaren ezezkoaren aurrean", Martindozenearako bidea seinaleztatu du Irungo Harrera Sareak
Tren geltoki kanpoan informazio panel erraldoia jarri dute; geltokitik udaletxera eta aterpetxerako bidea irudikatu dute bertan.
Lau hilabete dira Irunera iristen diren migratzaileek bidaian geldialdi bat izateko aukera dutela Martindozenean. Ordutik, Irungo Harrera Sareak tren geltokitik aterpetxerainoko bidea seinaleztatzea exijitu dio behin eta berriro udalari, “oso zaila baita hiria ezagutzen ez duen edozeinentzako lekua topatzea”. Sareak udalaren aldetik ezezkoa jaso duela salatu du, horregatik, sareko kideek euren aldetik lan hori egitea erabaki dute.
Tren geltoki kanpoan informazio panel erraldoia jarri dute; geltokitik udaletxerako eta Martindozenearako bidea irudikatu dute bertan. Hizkuntza askotan irakur daiteke informazioa. Panelaz gain, bidea seinaleztatzeko oin berdeak margotu dituzte lurrean, hiriko kaleetan barrena.
Joan den hilabetean sareak Jose Antonio Santano alkatearekin bilera izan zuela gogorarazi dute. “Bileran helarazi zigun ez dagoela bidean seinaleak jartzeko inongo beharrik, eta gainera, seinaleztatze prozesua oso luzea izanik, ez dela gauzatuko”. Joan den ostiralean, berriz, udalaren deia jaso zutela kontatu dute sareko kideek. Udaletik leloren bat iradoki edo aurkezteko eskaera egin zuten, ondoren zer egin zezaketen aztertzeko. Halere, udalaren “ezezko etengabea” ikusirik, aurrera egitea erabaki dute.
Bestalde, bihar goizeko udalbatzan sareko kideek hitza hartuko dutela jakinarazi dute. Bertan, seinaleztapenari buruzko informazioa emango dute. Gainera, sareko kideen eskaerei erantzutea exijituko diete udal gobernuko kideei.
Urtarrilaren 1etik, harrera sareak 938 lagun artatu dituela jakinarazi dute. Horietatik 819 gizonezkoak, 78 emakumezkoak eta 41 adin txikikoak izan dira.