Turismoaren inguruko Sevatur azoka, lehenengoz Ficoban
Hamazazpigarren azoka Ficobara eramatea erabaki dute antolatzaileek, "esparru eroso eta moldakorra izateagatik". Bihar zabalduko ditu ateak.
Sevatur, Gipuzkoako turismo eta oporren inguruko azoka erraldoia Irunera iristear da. Hamazazpigarren azoka Ficobara eramatea erabaki dute antolatzaileek, “esparru eroso eta moldakorra izateagatik”. Hala, bihar zabalduko ditu ateak (hilak 29) eta igandera bitarte (hilak 31) bisitatzeko aukera izango da.
Aurtengo azoka handiagoa izango da (1.650 metro koadro izango ditu). Horrek postu gehiago jartzeko aukera emango die, eta hala, 160 baino gehiago jarriko dituzte. Aurtengo berritasunetako bat, Tunezeko eskaintza turistikoaren inguruko stand bat izango da. Gainera, aurten ere dozenaka hitzaldi antolatu dituztela jakinarazi dute Ficobatik. Eta asteburua borobiltzeko, adin tarte guztientzako ekitaldiak antolatu dituzte, tartean dastaketa gastronomikoak.
10:30ean egingo dute inaugurazio ofiziala. Gainera, antolakuntzak doako autobus zerbitzua eskainiko du Donostiara. Horrez gain, Mugi edo Lurraldebus txartela aurkeztuta, deskontuak izango direla jakinarazi dute. Informazio gehiago, Ficobaren webgunean eskuragarri.