"Jarrera honek gobernu sozialistaren porrota besterik ez du ikustarazten"
Oposizioko hiru talde nagusiek (SPI, EAJ eta EH Bildu) mozio bat erregistratu berri dute; 2019rako aurrekontuak onartzeko udalbatza deitzea exijitu diote alkateari.
Irunek oraindik 2019rako aurrekonturik gabe jarraitzen du. Egoera horren aurrean, oposizioko hiru talde nagusiek apirilean osoko bilkura deitzea exijitu diote Jose Antonio Santano alkateari. “Ez da aurrekontuak onartzeko udalbatzaren deialdia egin dezala eskatzen diogun lehen aldia, behin eta birritan eskatu diogu, orain arte bakoitzak bere aldetik, bera baita eskumen hau duen bakarra”, adierazi dute SPI, EAJ eta EH Bildu taldeko bozeramaileek.
“Hamarkadetan ahaztutako arazoei” erantzuteko aurrekontuak onartzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute hiru taldeek. Era berean, David Soto (SPI), Xabier Iridoy (EAJ) eta Jokin Melida (EH Bildu) bozeramaileek hiriak pluraltasuna behar duela adierazi dute, “iritzi ezberdinek hiri bat aberasten baitute”. Gainera, demokraziak eskaintzen dituen ahalmenak eta gaitasunak baztertu izana leporatu diote udal gobernuari, eta oraindik Irungo errealitatea onartzeko gai ez direla gogor salatu dute. “Jarrera honek gobernu sozialistaren porrota besterik ez du ikustarazten, bere ahultasuna eta Irunen alde egiteko ezintasuna”.
Hala, dagoeneko mozio bat aurkeztu dutela jakinarazi dute oposizioko hiru talde nagusiek, datorren ostiraleko (hilak 29) udalbatzan eztabaidatu eta bozkatzeko.