Ander Iñarra eta Oihana Kortazar, erraz garaile gaur Talaia lasterketan
Ander Iñarrak eta Oihana Kortazarrek hainbat minutuko aldera atera diete 31 kilometroko mendiko lasterketan bigarren izan direnei.
Ander Iñarra lezoarra eta Oihana Kortazar mutrikuarra izan dira gaurko garaileak Donostia Hondarribia Trailen, Talaia Trail bezala ere ezaguna. Erraz irabazi dute biek, minutu dezenteko alderarekin bi kasuetan. 09:30ean hasi da 31 kilometroko mendiko lasterketa Donostian, eta hasieratik azkar antzean joan dira lasterkariak. Irteeran fresko, orduek aurrera egin ahala berotzera egin du egunak, korrikalari askoren kalterako. Idor zegoen bidea. Fortuna Kirol Elkarteak antolatu duen proba ederki joan da.
Iñarra lezoarrak Jaizkibelen hasi du bakarkako bidea, Ulia igaro ondoren San Pedroko ontziralekura antzeko iritsi direlako faboritoak. Bigarren ia beti izan da Joxe Amunarriz hondarribiarra, eta haren atzetik Iker Oliveri. Lasterketan zehar izan den hurrenkera hori, azkenean podiumean ere errepikatu da.
Emakumeetan, Kortazarraren erakustaldia. Erraz, oso erraz izan du garaipena eskura. Lasterketaren erdialdera arte ez du oso urrun izan Lurdes Oiartzabal lezoarra, baina azken hau erretiratu behar izan da, lesioagatik. Hortaz, oso lasterketa ona egin duten Maialen Gurrutxaga eta Tanit Perez de Lezeta donostiarrak izan ditu atzetik lehia hasi aurretik faborito zen Kortazarrek: emakumeen kategoriako errekorra egin du.
Jarraian, bi podiumak. Esteka honetan sartuz gero, sailkapen nagusia.
OHARRA: Bihar, HITZAn, gaurko lasterketaren bi argazki galeria handi ikusteko aukera, Donibaneko ontziralekuko eta helmugako irudiekin.
Gizonen podiuma
1. Ander Iñarra (Lezo) 2.14.55
2. Joxe Amunarriz (Hondarribia) 2.19.10
3. Iker Oliveri (Hondarribia) 2.21.12
Emakumeen podiuma
- Oihana Kortazar (Mutriku) 2.38.03
- Maialen Gurrutxaga (Donostia) 2.59.11
- Tanit Perez de Lezeta (Donostia) 3.02.26