Equo Berdeak taldea ez da Ahal Dugu eta Ezker Anitzarekin batera aurkeztuko
Elkarrekin Podemos markarekin aurkezteko akordioa gezurtatu berri du taldeak.
Equo Berdeak taldeak azaldu duenez, ez da Ahal Dugu eta Ezker Anitzarekin batera aurkeztuko maiatzeko hauteskundeetara. Joan den astean Ezker Anitzak eta Ahal Duguk egindako agerraldian hiru taldeak batera aurkeztuko zirela jakinarazi zuten, Elkarrekin Podemos markarekin. Hala, gaur adostasun hori gezurtatu du talde ekologistak.
“Equo Berdeak independenteki jarraituko du Irunen aldeko lana egiten; ez dugu inolako aliantzarik sinatu Podemos Irun eta Ezker Anitzarekin”, diote taldetik. Hala, hiriak behar dituen ingurumen, gizarte eta ekonomia proiektuak landuko dituztela jakinarazi dute, baina “bakarkako bidean”. Besteak beste, klima krisiari aurre egiteko erronkari ekiteko konpromisoa hartu du taldeak.