Zilarrezko bi domina Neguko Espainiako Piraguismo Txapelketan
Joan den asteburuan, Espainiako Neguko Piraguismo Txapelketa jokatu zuten Sevillan. Bertan, Irungo Santiagotarrak taldeko 15 kirolari izan ziren.
Joan den asteburuan, Espainiako Neguko Piraguismo Txapelketa jokatu zuten Sevillan. Bertan, Irungo Santiagotarrak taldeak hartu zuen parte; orotara, taldeko 15 kirolari sartu ziren CEAR de la Cartuja instalazioko uretan. Junior, 23 urte azpikoen eta beteranoen kategoriatan banatuta lehiatu ziren.
Lehiaketa larunbatean (hilak 16) hasi zuten, erloju kontrako 2.000 metroko probarekin. Proba honetan, Santiagotarrakeko 13 kirolariek finalera pasatzeko aukera izan zuten, erabateko plenoa egin zuten bidasoarrek.
Igandean berriz, 5.000 metroko distantzian Nerea Garcia Zabaleguik lasterketa paregabea egin zuen. Urrea lortzeko aukerak izan arren, zilarrezko dominarekin bueltatu da Sevillatik. Beste zilarrezko domina Telmo Fernandez Compadrerentzat izan da, 20 urte azpikoen kategorian, bigarren urtez jarraian gainera. Era berean, beteranoen kategorian (60-64 urte) Javier Martinez “Mosku” kanoistak brontzeko domina eskuratu du.
Asteburuan lortutako emaitza guztiekin, Top Ten-ean (hamar lehenak) sailkatzeko aukera izan du Santiagotarrak taldeak, zortzigarren postuan zehazki.