EH Bildu: "Udal gobernuak ekintza politikoa marketin hutsa bihurtu du"
Dagoeneko martxoa dela gogoratu dute koalizioko kideek, eta oraindik aurrekonturik onartu ez izana leporatu diote beste behin udal gobernuari.
2019ko aurrekontuekin kezkati jarraitzen du Irungo EH Bildu taldeak. Dagoeneko martxoa dela gogoratu dute koalizioko kideek, eta oraindik aurrekonturik onartu ez izana leporatu diote beste behin udal gobernuari. Bestelako taldeekin elkarrizketak izan arren, oraindik emaitzarik ez dagoela gogor salatu dute.
“Aurrekontuak luzatu egin direla dio alkateak, bere ahotsean entzun ahal izan dugu, eta honek egoera kafkianoa marrazten digu”, salatu dute. Taldetik diotenez, udaleko gehiengoak ez du hiria paralizatzea nahi; errealitatea “gordina” dela diote, udalak ez baitu aurrekontua eztabaidatu nahi izan.
Alkateak “dekretazoaren” bidetik bere proiektuak aurrera atera nahi dituelaren susmoa dute EH Bildu taldean, eta joko horretan ez sartzeko asmoa adierazi dute. “Udal gobernuak ekintza politikoa marketin hutsa bihurtu du”.
Besteak beste, autobus elektriko berrietan akatsak izan direla diote koaliziotik, eta informazio hori ezkutatzea leporatu diote udal gobernuari. Gainera, Azken Portuko bidegorria “presaz eta euripean” konpondu nahi izan dutela salatu dute, obra ez dutela ongi egin alegia. Etorbidearen zubia ere urtebete geldirik egon dela diote, eta Ikus Alaiaren proiektua plangintzatu gabeko ekintza izan dela salatu dute.
Taldetik diotenez, XXI. mendeko hiria eraiki nahi dute, “ezberdinen arteko akordioak lehenetsiz eta herritarrei erantzunez”. Amaitzeko, taldeak aurrekontuak nahi dituela berretsi dute, eta haien esku dauden baliabide guztiak erabiliko dituzte aurrekontuak izateko. “Alkateak zatika onartu nahi dituen aurrekontu zati horiek ez ditugula babestuko esan nahi dugu. Aurrekontua onartu nahi badu, bere osotasunean beharko du izan”, gehitu dute.