Ahal Dugu, Ezker Anitza eta Equo koalizioan aurkeztuko dira udal hauteskundeetara
Denekin hitz egiteko eta adosteko asmoa adierazi dute koalizio berritik, "zentzurik gabeko lerro gorririk gabe eta pertsonalismo baztertzailerik gabe".
Irun Ahal Dugu, Ezker Anitza eta Equo taldeak batera aurkeztuko dira udal hauteskundeetara. Koalizioa osatu berri dute, “hirian benetako eraldaketa bat gidatzeko” asmoz. Hiru taldeetako afiliatuek eta militanteek hala adostuta, Elkarrekin Podemos markarekin aurkeztuko dira maiatzaren 26ko hauteskundeetara.
Koalizio berria “proiektu eraldatzaile” batekin aurkeztuko dela diote, eta denekin hitz egiteko eta adosteko asmoa adierazi dute, “zentzurik gabeko lerro gorririk gabe eta pertsonalismo baztertzailerik gabe”. Aurrera pausoa emateko unea iritsi dela diote koaliziotik, hiri eraldatzaile eta aurrerakoia lortzeko, merkataritza sare sendoa osatzeaz gain. Gainera, zirkulazio arazorik gabeko eta jendearen benetako beharretan oinarritutako Irun nahi dute. Hala, gehiengoaren interesen alde lan egiteko konpromisoa hartu dute hiru taldeek, eta kultur zein heziketa ekipamenduen aldeko apustua egin dute.
Santi Jimenez Ezker Anitzako zerrendaburuak adierazi duenez, Korrokoitz, San Miguel-Anaka, Iparralde-Gal edota Behobia bezalako inguruak berreskuratzea izango da koalizio berriaren apustuetako bat, eraldaketa ekologikoa egiteaz gain. Gainera, memoria historikoa berreskuratzea eta berdintasun politikak aplikatzea ere helburu nagusietako bat izango dela jakinarazi du. “Herritarren beharretara egokitutako proiektua dugu, eraldatzailea eta propioa”, adierazi du. Azken 35 urteotan Jose Antonio Santano alkateak gidatutako gobernua gogor salatu dute Elkarrekin Podemos-etik, eta oraindik 2019rako aurrekonturik onartu ez izana leporatu diote beste behin.