[Galeria] Olaberriako ubidea eraiki zuten frankismoaren esklaboak omendu dituzte
Irungo Olaberriako ubide edo kanalaren zati handi bat frankismoaren esklaboek, trabajadoreek eraiki zuten. Olaberria errekaren zatian izan ziren batik bat. Bertan lanean izan ziren, eta bortxazko lan publiko eta pribatuak egin zituzten —hainbat enpresa baliatu ziren haien lanaz— pertsonak Espainiako Estatuko 34 probintziatatik ekarrarazi zituzten, 200 bat denera Irunen. Datu bat: Ferrocarriles y Construcciones ABC enpresak sei zigor destakamendutako ia mila preso erabili zituen lanak egiteko, eta presoen kontura aberasteko. Destakamendu horietako batek egin zituen ubidearen lanak.
Hiltegi zaharra zuten espetxe eta bizileku. Baina denbora gehiena lanean ematen zuten, goiz-goizetik iluntzera arte. Haien delitua: gobernu errepublikazalearen zilegitasuna defendatzea, eta legez kontrako sistema politiko batean sartu nahi ez izatea, indar frankisten altxamenduak ekarritako gerraren ondorengoa. Gaur, hirian atxilo eta lanean zeuden horiek omendu ditu Irungo Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikazaleen Elkarteak. Bertan izan dira haien hurbileko batzuk; tartean, Asturiasko bandera zuen talde bat. Hangoak ziren Irunen atxilo eta lan behartuetara kondenatuta izan zirenetako asko.
75 urte bete dira preso errepublikar horiek bortxaz lanean ibili zirela hirian. Eta omenaldi ekitaldia Dunboako kanalean bertan egin da, bertako zubietako batean, Ama Xantalen baselizatik hurbilen dagoena, Olaberria aldera. Preso horientzat, eta frankismoaren biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu dituzte omenaldian zehar izan diren hizketaldietan, “1936ko altxamendu militarra genozidio gisara, eta diktadura frankista estatu terrorismo gisara deklaratuak izan daitezela eskatzen dugu. Erresistentziak bizirik dirau”.
Ekitaldian azaldu dutenez, gizarte laiko, publiko eta bidezkoaren alde lanean jarraituko dute errepublikazaleek, “eta politikarien gehiegikerien eta ustelkeriaren aurkako borrokak aurrera jarraitzen du. Errepublikaren berrazarpena da etorkizunari aurre egiteko eta iragana aitortzeko bide bakarra”.
Gaiaz liburua egina eta argitaratua du Aiala Oronoz hondarribiarrak. Gaurko ekitaldian hura erosteko aukera izan da, A pico y pala. Trabajos forzosos en Gipuzkoa. HITZAk hura elkarrizketatu zuen liburua argitara eman eta gutxira.
Horrez gain, asteartean (hilak 19), Nicolas Guerendiainek gaiarekin lotutako erakusketa zabalduko du Colon pasealekuko Laboral Kutxaren erakusketa aretoan. 19:30ean da inaugurazio ekitaldia. Hilaren azken egunera arte egongo da zabalik, astegunetan 18:30etik 20:30era; larunbat, igande eta jaiegunetan 11:00-13:00 eta 18:30-20:30 ordutegian.