Laugarrenez jarraian, erreleboen lasterketak hiriko kaleak hartuko ditu
Proba ugari antolatu ditu Bidasoa Atletiko Taldeak, eta dagoeneko guztietan izena emateko aukera dago.
Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) ‘Osasun Miliak’ jardunaldia antolatu du datorren hilaren 31rako (igandea). Gaur aurkeztu dute Errelebo Lasterketa izenez ere ezaguna den probaren laugarren edizioa, Ficobako Iñigo Lavado jatetxean. Bertan, taldeko eta udaleko ordezkariez gain, babesle eta antolatzaileak ere izan dira.
10:00etan ekingo diote egunari, azken lau urteetan klasikoa bilakatu den tipi-tapa paseoarekin. Ordubete luzez, hiriko adinekoek hiria zeharkatuko dute. BATetik diotenez, ez da beharrezkoa izena ematea.
10:45an aldiz, 4×1 milia erreleboen lasterketari ekingo diote, Joseba Sarriegi taldeko zuzendaritza batzordeko kideak esan bezala, “arrakasta handia” duena. Lasterkari bakoitzak milia bana (1.609 metro) zeharkatu beharko du, eta Zabaltza inguruan lekukoa pasa beharko dio kideari. Proba honetan, enpresen zein kuadrillen sailkapenak izango direla jakinarazi dute.
Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin elkarlanean, 11:00etarako milia egokitua proba antolatu dute. Ondoren, milia erdiko froga egingo dute aniztasun funtzionala duten herritarrek.
Binakako 3 miliako frogarekin amaitutzat emango dituzte igandeko lasterketak. 12:00etan izango da, Zabaltza plazatik hasita ere (talde mistoak egin daitezke).
Era berean, goizean zehar Zabaltza plazan haurrentzako dozenaka kirol jarduera eskainiko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Gainera, herritar orok proba solidario batean parte hartzeko aukera izango du. Familien arteko lasterketa izango da, eta adin tarte guztiek izango dute aukera parte hartzeko. 3 euroko izen ematea egin beharko da, eta bildutako diru guztia Minbiziaren Aurkako Espainiako Erakundeak jasoko du.
Probetan izena emateko interesa dutenek, hilaren 30era bitarte aukera izango dute; Kirolprobak-en webgunean egin daitezke.