[Galeria] Asun Casasola: "Gizartea aldatu behar dugu, politago bat eraiki datozenentzat"
Atzo arratsaldean banatu zituzten Asun Casasola Ipuin Laburren Lehiaketako sariak Brönte liburu dendan. Esker hitzak izan zituen Casasolak Parean elkarteko emakumeentzat eta lehiaketan parte hartu dutenentzat.
Atzo arratsaldean banatu zituen Irungo Parean elkarteak Asun Casasola Ipuin Laburren Lehiaketako sariak Brönte liburutegian. Zazpietan zen hastekoa ekitaldia, baina ordua baino lehen beterik zen Brönte. Aurretik hasi ziren Ylenia Benito liburu dendako jabea, Eneritz Furyak abeslari irundarra eta Parean elkarteko kideak berez berezia den espazioa atontzen eta gehiago goxatzen oraindik dagoeneko erreferentea bihurtu den ekitaldirako.
Asun Casasola pozik heldu zen Bröntera, bere izena daraman lehiaketarekin gizarte parekide bat eraikitzeko bidean ekarpena egiten ari diren sentsazioarekin. Pozik eta sari banaketero bezala, hunkituta, “beti gertatzen zait, hunkitu egiten naiz”.
Lehen lerroan eseri zen Ainara Elizondo eta Naroa Carrera euskarazko helduen eta gazteen kategorietako irabazleen ondoan. Nerea Sarriegik hartu zuen hitza ekitaldia aurkezteko. Gogora ekarri zuen, aurten 11 urte beteko direla Nagore Laffage erail zutenetik, eta bere amaren, Asun Casasolaren borroka hasi zenetik: “Jende askorentzat eredua da, eta lehiaketa honek bizirik jarraitzeko arrazoi nagusia”. Bost urtean 700 ipuin baino gehiago jaso dituztela antolatzaileek esan zuen, bestalde, eta iaztik gazteen kategoria sortu dutela Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker nabarmendu zuen. Aurten gainera, inoizko kopururik handiena jaso dute: 328 ipuin, “euskaraz eta gazteleraz, helduek eta gazteek idatzitakoak, Euskal Herritik zein mundu osotik heldutakoak. Izan ere Latinoamerikatik ipuin pila jaso ditugu, eta aurten lehenengoz, Estatu Batuetatik eta Alemaniatik ipuin bana jaso dugu”.
Helburua lortu dutela sinistuta azaldu zen Sarriegi: “Adin guztietako pertsonek genero biolentziaren aurkako diskurtsoak islatzea euren ipuinetan”. Nik sinisten zaitut zuten abiapuntu ipuinek aurtengo ekinaldian, iazko bera, “izan ere 2018a inflexio puntua izan zen genero biolentziaren aurkako borrokan, hori oso argia izan zen iazko Martxoaren 8ko protestetan, eta aurtengoetan are gehiago indartu da”.
Lehiaketak jarraipena izango duela ere esan zuen, Super Amara Bat Atletismo Taldeak Gabonetako krosaren euro solidarioa lehiaketari eman ziolako. Eskerrak eman zizkion gainera, Sarriegik, epaimahaikideei. Aurten emakumeez osatuta egon da kategoria guztietan, “lana musu-truk egin dute, eta lan handia izan dute ipuin asko jaso ditugulako eta eskerrak eman nahi dizkiegu ekarpenagatik”. Euskarazko helduen kategorian Yurre Ugarte, Ana Iruretagoiena eta Idurre Eskisabel izan dira epaimahaikideak; Gaztelerazko helduenean, Merche Tranche, Maialen Lehane eta Marian Benitez; Gazteen kategorian berriz, Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perezek epaitu dituzte euskarazko lanak, eta Noelia Lorenzo, Maite Vergara eta Naroa Lopezek gaztelerazkoak.
Bidasoako kazetari ezagunak, irakurtzen
Lan irabazleak irakurri zituzten ondoren, eta ardura hori Bidasoako lau kazetarik hartu zuten beren gain. Ainara Elizondo hondarribiarrak bigarrenez irabazi du sariketa eta haren Lau Hizki lana Ainara Zuazabeitia Euskadi Irratiko kazetariak irakurri zuen. Eskertu zuen Elizondok bere lana Zuazabeitiaren ahotsean entzutea, “beste baten ahotan norberaren ipuinak beste gorputza bat hartzen duelako”, eta lehiaketa antolatzen jarraitzen duten bitartean berak parte hartzen segituko duela esan zuen. Casasolari ere eman zizkion eskerrak, “zure aitzakiarekin idaztea gustuko dugun pertsonek aukera bat gehiago dugulako”.
Juncal Baeza madrildarrak irabazi du gaztelerazko helduen kategoria, eta haren lana Mari Jose Atienza Diario Vascoko kazetariak irakurri zuen. Ez zen sari banaketan izan Baeza, baina bidali zituen hitz batzuk ekitaldian irakurtzeko. Eskerrak eman zituen bere idatzian, “beharrezkoa” eta “sakona” den lehiaketa antolatzeagatik eta gainontzeko irabazleak zoriondu zituen. Parekidetasunean oinarritutako jendarte baten bilaketan “bere alea” jartzeko aukerarekin harro azaldu zen, gainera, madrildarra: “Lehiaketaren bidez indarkeria matxistaren kontra egiteko aukera ematen diguzuelako. Nire ipuinean, askotan, leku okerrean kokatzen den fokoaz mintzatu naiz, biktimaren gainean jartzen delako erasotzailearen gainean jarri beharrean. Enpatiagatik, justiziagatik, obligazio moralagatik, hartu dut parte. Lehiaketak duen parte hartze handiak erakutsi dit nolabait, gai hau geroz eta jende gehiagori heltzen zaiola, gero eta jende gehiagori mugitzen diola barrua eta horrek hunkitu egiten nau, eta egunerokoan emakumeok zaurgarriago bihurtzen gaituen arazoan gehiago sakondu eta haren kontra borrokatzen jarraitzera animatzen nau. Nahiago nuke halako lehiaketarik ez antolatu behar izatea”.
Gazte kategoriako saria Naroa Carrerak irabazi du, Urte luzeen amaiera lanarekin. Aitziber Zapirain antxeta Irratiko kazetariak irakurri zuen Carreraren lana. Labur mintzo zen gazte errenteriarra. Sariagatik eskerrak eman zituen; baita indarkeria matxistaren gaiaren gainean aritzeko denbora eta espazio bat emateagatik ere antolatzaileei.
Alessandra Bedoya jaendarrak irabazi zuen gaztelerazko gazteen kategoriako saria. Bere lana, Ser katea, Tele 5 eta La Sextako kazetaria den Iker Ibañez irundarrak irakurri zuen. Bedoya ere ez zen izan sari banaketan, baina idatzi zuen mezua eta Eneritz Furyak irakurri zuen. Irakurri izana eskertu zuen, baita lehiaketa antolatzea ere, “harrotzen nau halako lehiaketan hainbeste jendek parte hartzen duela jakiteak, garrantzitsua delako gure borrokarako, egoera honekin amaitzea ezinbestekoa dugulako, goizero esnatzen naizelako deskubrituta emakume bat, ama bat, amona, emaztea, ahizpa, iloba, alaba, izeba bat hil dela. Ez ez dago hilda, ez dute hilda aurkitu, erailda aurkitu dute. Nazkatuta nago denaz, nazkatuta ahotsa ez duten emakumeengatik borrokatu beharraz, nekatuta borrokatzeaz ez dauden emakumeengatik erail dituztelako… ez da justua inorentzat, are gutxiago beraientzat, eta okerrena, ez dago justiziarik. Nekatuta nago etxera beldurrez itzultzen gauez, eta gurasoak kezkatuta izateaz bost minutuero galdezka non nagoen, ongi nagoen… Hori ez da bizitza inorentzat”.
Lehiaketaren irabazleak izan ziren protagonistak atzo, eta beraiekin batera, Casasola. Berak ere hartu zuen hitza, bildutakoen txaloen artean. Eskerrak eman zizkien Casasolak “bihotzez” lehiaketa antolatzen duen Parean elkarteari, epaimahaikideei, irakurtzera joan ziren kazetariei eta lehiaketara lanak aurkezten dituztenei. Jendartea aldatzea indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko, hori bere lehentasuna, “urratsez urrats ari gara, poliki, baina uste dut ari garela aldatzen. Pribilegiatua sentitzen naiz duela 11 urte gertatu zitzaidana gertatuta ere, babes handia jasotzen dudalako, izugarria. Gizartea aldatu behar dugu, politago bat eraiki datozenentzat, emakumeok errespetatuko gaituen jendartea”.